Herri kirolen inguruko eguna ospatuko dute larunbatean
Izeta IV.a harri berezi bat altxatzen saiatuko da larunbatean Antion. Bertaratzen direnek paella jana egingo dute. Sokatira txapelketa herrikoia jokatuko da.
Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak topaketa antolatu du asteburu honetarako. Ekitaldiak larunbatean eta igandean izango dira, Antion eta Urretxuko probalekuan.
Larunbateko saioa 11:00etan hasiko da, taldekako pentatloiarekin. Izeta VI.a, Gabirondo, Zelai III.a, Lucia Orbe, Lander Otermin eta Tubi Bustintzak parte hartuko dute. Landuko dituzten modalitateak harri jasotzea, aizkora, txingak, lasto altxatzea eta korrika izango dira.
Ondoren, harri berezi bat aurkeztuko dute eta Izeta IV.a harri hori altxatzen saiatuko da. Bere lana bukatzen duenean, nahi duten guztiek herri kirol modalitate ezberdinak praktikatzeko aukera edukiko dute. Gainera, artzain txakur erakustaldia egongo da.
14:00ak aldera bertaratutako guztiek bertan prestatutako paella jateko aukera edukiko dute. Bazkalostea trikitilariek eta bertsolariek alaituko dute.
Jarraian, sokatira txapelketa herrikoia hasiko da. Parte hartzeko baldintza bakarra taldearen pisua 540-560 kilo artekoa izatea da. Lehenengo hiru sailkatuentzako sariak egongo dira. Izena emateko, uzherrikirolak@hotmail.com helbide elektronikora idatzi behar da edo 943 47 88 71 zenbakira deitu.
Sari banaketaren ondoren, Zain dezagun ingurumena kalejira egingo dute.
Idi probak
Iganderako Santa Lutzi egunean egitekoa zen idi proben finala antolatu dute. Urretxuko probalekuan jokatuko da, 11:30ean. Asier Izagirre, Egoitz Armaolea eta Iñaki Irigorasen idiek parte hartuko dute. 20 minutuan plaza gehien egiten dituen idi parea nagusituko da.
Ekitaldi hauek guztiak Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak antolatu ditu. Elkarteak zuzendaritza talde berria du martxotik. Jexux eta Aitor Lizarazuk, Jon eta Aimar Zubillagak eta Izaskun Arrutik osatzen dute. Beraien helburua bazkide berriak lortzea, herri kirolak sustatzea eta ekitaldi berriak sortzea da. Ekitaldi berri hauen artean sartzen da larunbatean egingo den herri kirolaren inguruko eguna.