Idiazabalen Euskal Gaztaren Azoka asteburuan izango da, bi urteren ondoren
Ostiralean mami txapelketa egingo dute plaza nagusian, eta larunbatean mamia egiteko tailerra. Igandean Etxeberri Goiko baserriko Juanita Irastorza artzaina omenduko dute udaletxean
Bi urteko etenaren ostean, datorren asteburuan 4. Euskal Gaztaren Azoka ospatuko dute Idiazabalen. Txoko ezberdinetako gaztagileen topaleku izango da, Euskal Herriko lurralde guztietako 24 gaztagile elkartuko baitira bertan. Gazta protagonista izanik, artzainen lana babestu eta balioan jarriko dute. Aurtengo denboraldiko gazta kontsumitzaileari aurkeztu eta artzainekin egoteko aukera emango du azokak.
Ostiralean mami txapelketa egingo dute plazan 18:30ean. Larunbatean irekiko dute azoka, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:00etara. European Cheese Route elkarteko bazkide diren herrialdeetako sei gaztagileren gazta dastaketa egingo dute 11:30ean, eta mami tailerra 12:30ean. Aritz Ganboarekin Artzain izan nahi dut jarduera egiteko aukera egongo da 16:30ean, artzainen bizimodua ezagutzeko. Larunbateko azoka eguna Tio Teronen Semeak taldearen dantza emanaldiarekin amaituko da, 19:30ean.
Igandean, 10:00etatik 15:00etara irekiko dute azoka. Musika, jolasak, gazta txapelketa herrikoia eta gazta egite eta ketze erakustaldia izango da goizean, eta eguerdian, 12:00etan, artaldea pasako da herritik. Ordu berean, Axari Dantza Taldekoak kalejiran irtengo dira, eta ondoren artile lantze tailerra egingo da, 12:30ean.
Omenaldia eta sariak
13:30ean egingo dute azken ekitaldia azoka asteburuari amaiera emateko. Etxeberri Goiko baserriko Juanita Irastorza artzaina omenduko dute eta gazta txapelketako sariak banatuko dituzte udaletxe aurrean.
Latxa ardien artileari buruzko hitzaldia, etzi
Ostegunean ekingo diote Euskal Gaztaren Azokaren bueltako egitarauari. Latxa ardien artileari eman dakizkioken irtenbideen inguruko solasaldia egingo dute udaletxeko areto nagusian, 18:30ean. Asteburuan, gaztaren interpretazio zentroan ate irekien jardunaldiak egingo dituzte bisitarientzat.