Lazkaokoen ondoren, Lazkaomendikoak
Bukatu dira Lazkaoko San Prudentzio jaiak, baina asteburuan izango dute jarraipena, Lazkaomendiko festekin. Ohiko ekitaldiak berreskuratuko dituzte.
Kalean bai, baina Lazkaok beste hiru egunerako festa-asmoa dauka oraindik. Lazkaomendin ospatuko dituzte, ostiraletik igandera, bertako auzotar taldeak antolatuta. Ostiralean, 18:00etan, txupinazoa botako dute; talo tailerra (18:30) eta Oixani DJa (19:30) daude gero.
Larunbatean, Lazkaomendiko 46.Proba txirrindulari lasterketa jokatuko dute juniorrek. 09:30ean abiatuko dira Lazkaoko plazatik, eta 86,7 kilometro egin eta gero, Lazkaomendin bukatuko da karrera, 11:36 aldera.
Pilota erakustaldia ere jokatuko dute Lartxain, 10:15ean. Umeentzat puzgarriak goiz eta arratsalde, mus txapelketa Itxurrenen (16:00), Potxin eta Patxin pailazoak (18:30), buruhandiak (19:30), eta Elustondo anai-arrebekin erromeria (20:00) egingo dituzte. Auzo afaria ere badute, eta gauean Astiazaran II.a eta Andonegi trikitilariekin dantzaldia.
Igandean, Lazkaotik ibilaldi neurtua egingo dute eskolaumeek, 08:30ean. Behin goian, haur jolasak (11:30), meza (12:30), eta Egaña eta Maddalen Artzallus bertsolariak (13:00) izango dira. Arratsaldean, hiru talderen arteko herri kirol desafioa (17:30), eta Antsorregi eta Larrañaga trikitilariak.