Bezeroen fideltasuna sarituko du Beasaingo larunbatetako azoka bereziak
'Azokakidea' figura sortu dute. Hamar euro baino gehiagoko erosketa egitean ekoizleak zigilu bat emango dio bezeroari. Hamar pilatutakoan, bost euroko beherapena lortuko da. Josetxo Mendiak baratza ekologikoa antolatzeko ikastaro azkarra egingo du.

Beasaingo hilabeteroko Azoka Bereziko bezero fidelenek erosketetan deskontuak izango dituzte. Biharko azokatik aurrera, hamar euro baino gehiagoko erosketa egitean ekoizleak zigilu bat emango dio bezeroari edo Azokakideari. Ehun euroko kontsumoa egitera iristean bost euroko beherapena jasoko dute.
Beasaingo Udalak Azokakide bilakatzera animatu ditu herritarrak. Azokara joateko ohitura duten herritarrez gain berriak ere erakarriko dituela sinetsita daude. Udalak gogorarazi du azokaren helburua bertako ekoizleen lana «balioan» jartzea eta herritarrentzako bertako produktuak eskura jartzea dela. Erraztasun gehiago emate aldera, maiatzeko hilabeteroko azoka armairuak erabilgarri dauden lehendabizikoa izango da. Armairuak soilik ekoizleak eta bezeroak dakiten gako baten irekitzen da eta, hala, erosketak noiznahi jaso daitezke.
Maiatzeko azoka berezia 10:00etatik 14:00etara izango da, bihar, plazapean. Lehen ilarrak, babak eta tipulinak salgai izango dira. Halaber, neguko barazkien azken aleak ere bai. Barazkiez gain, eztia, ogia, loreak eta landareak, tartak eta gailetak, gazta, txerrikia eta haziak ere salgai izango dira. Eta jakiez gain, artisau erara egindako poltsak, lepokoak, adur-zapiak… saltzen dituen postu bat ere bai.
Loinatz Musika Eskolako trikitilariek eta pandero jotzaileek azoka girotuko dute. Amaitzeko, bezeroen artean azokako produktuekin osatutako bi saski zozkatuko dira.
Baratza ekologikoa antolatzeko ikastaro azkarra
Josetxo Mendia ekoizleak baratze ekologikoa antolatzeko ikastaroa eskainiko du hileroko azoka berezian. Lurraren ezagutzan sakonduko dute, errotazioak eta beste; landaketa eta ereite egutegia ere aztertuko dute eta gaitz ohikoenei nola aurre egin ikasiko dute. Ikastaroa 11:30ean hasiko da.