Erraldoi eta buruhandiak, Loinatz jaietako kartelera
Anton Iglesiasen kartela hautatu dute Loinatz jaiak iragartzeko. La Salle ikastetxeko ikasle talde batek irabazi du haurren lehiaketa

Loinatz jaiek badute kartela. Beasaingo udalak gaur iragarri du Anton Iglesias Fernandez sortzaile galiziarraren proposamena izan dela hautatua. “Collage bat” dela azaldu du: atzeeneko kapan, udaletxeko fatxada dago, herriko bandera eta guzti; aurrerago, haurrak, danborradan; tartean, erraldoi eta buruhandiak daude; eta aurrenekoan, hainbat musika instrumentu. Dena, kolore biziekin. “Saturazioarekin jolastu dut. Saturazio handia nahita erabili dut, indarra emateko”.
Iglesiasek aitortu du Beasainen ez dela sekula izan. Gaur egun, internetekin, hori ez dela arazoa zehaztu du. “Hasi aurretik dokumentazio lana egin nuen, jakiteko zeintzuk ziren gehien errepikatzen ziren elementuak. Erraldoiak eta buruhandiak ikusi nituen, eta hori heldu behar niela argi ikusi nuen”. Izan ere, Iglesiasek erraldoiekin eta buruhandiekin harreman estua du. Pintatzen eta konpontzen egiten du lan eta gorpuztu ere egin ditu.
Garaipenak “ezustean” harrapatu du. “Sei finalistak ikusi nituenean iruditu zitzaidan aurrean ibili nintekeela, baina beste bi kartel oso onak iruditu zitzaizkidan”, aitortu du. Helduen mailan 21 lan aurkeztu dira guztira.
Bareak egin du bidea
Gazteen mailan 234 lan aurkeztu dira. La Salle ikastetxeko Eider Odriozola, Leire Villaro, Iker Sánchez, Aimar Cardoso, Laura González eta Markel Pascual ikasleen proposamena izan da onena. Barearen arrastoan festetako ohiko irudiak kokatu dituzte: danborrak, blusak, sua…