Hondakinak bereizteagatik hobariak aplikatuko dituen lehena Zaldibia izango da
Atez ateko ontziak egoki identifikatzeko errepasatzen hasi dira. Zabor gutxiago eta gaikako bilketa egokiago egiteagatik, zergan %15erainoko hobaria aplikatuko da. Udal araudia egiten ari dira

Etxeko hondakinen kudeaketan pauso bat aurrera joko du Zaldibiako Udalak. Egoki bereizten dituzten herritarrei hondakinen zergan hobaria aplikatuko die. Goierriko lehenbiziko udalerria izango da birziklatzearen aldeko urratsetan halako neurria hartuko duena.
Sasieta Mankomunitatean, hondakinak biltzeko eredu eta sistema berriak jartzen hasi zirenean —Lazkaon txartel magnetikoa 2011n ezarri zuten, adibidez— jada aipatu zuten gaika bereizten zuenari nolabaiteko konpentsazioa ematea, gaikako sailkapena bultzatze aldera.
Zaldibian 2013ko martxoan hasi ziren atez ate biltzen, ontziekin. Gaur egun, Sasietaren arabera, etxeetako hondakinen %79 jasotzen da sailkatuta.
Ardatza, hobariak
Hobariak edo bonifikazioak izango dira Zaldibian aplikatuko dutenaren ardatza. Zabor gutxiago sortzen duenak, gutxiago ordainduko duen kontsigna errealitate bihurtu nahi dute. «Hobekien birziklatzen duena eta hondakin gutxien sortzen duena saritu nahi dugu», aurreratu du udalak. Hondakinen tasan %15eko hobaria edo beherapena izatera iritsi ahalko da.
Aurretik, ontziak egokitu beharko dira, «behar bezala» identifika daitezen. Ostiralean hasi zen Sasieta ontziak errepasatzen, beharko balitz aldatzeko. Ostiral eta larunbatetan pasatuko dira ontziaren zenbakia eta txipa konprobatzera.
Bestetik, udal ordenantza batek arautuko du hobarien sistema. Hori osatzen ari dira, udalbatzari onartzeko eman aurrez.