Mugi txartelarentzat neurri bereziak onartu ditu Ordiziako udalbatzak
PSE-EEren mozioa babestu du EH Bilduk, bi urteetarako prezioak izoztea eskatzen duelako, besteak beste. EAJ-k abstentzioa eta Ordizia Orainek kontra bozkatu dute

Mugi tarifa sistema sozialagoak eta progresiboagoak izateko neurri multzoa jasotzen duen mozioa onartu zuten iragan ostegunean apirilari dagokion osoko bilkuran Ordizian. PSE-EEren ekimenez eraman da mozioa, eta EH Bilduk bat egin du testuarekin. Hain zuzen ere, EH Bilduren botoekin atera da aurrera mozioa. Neurrion alde bozkatu zuten EH Bildu (7 zinegotzia) eta PSE-EE (zinegotzia 1) udal taldeek. EAJ-k (7 zinegotzia) abstentziora jo zuen eta Ordizia Orainek (2 zinegotzia) kontra bozkatu zuen.
Iñaki Dubreuil PSE-EEren ordezkariak defendatu zuen Mugi finantzazio eredua babesteko mozioa: «Mugi sistemaren koordinazio eta plangintzak niretzat duen balio handia nabarmendu nahi ditut. Baita kolektibo ahulenei mesede egiten diela ere. Kontutan izan behar da, sistema hau 2013an ezarri zela eta ordutik, zenbat eta zenbat jendek erabiltzen duen». Garraio publikoko sistema inoiz baino gehiago indartzeko unea dela deritzo.
Adur Ezenarrok azaldu zuen moduan, «hainbat eskaera egiten ditu mozioak, tartean tarifa geroz eta sozialagoak izatea, behar dutenei laguntza gehiago ematea, garraio publikoa gehiago erabiltzeko edozein ekimen, eta Mugi geroz eta zabalagoa izatea eta transbordoen aukera gero eta doakoagoa izatea logikoki, ados gaude». Mozioak jasotzen dituen neurrien artean, bat bereziki nabarmendu du Ordiziako alkate Ezenarrok, «badago eskaera tarifak hurrengo bi urtetan ez igotzeko». Osoko bilkuran argudio horiek emanda, bat egin zuten mozioak ekarritakoarekin.
Iritzi desberdinak
EAJk abstentziora jo zuen, Bittor Bolinagak eman zituen arrazoiak: «Ez dugu ulertzen udaletxean mozio hau zergatik aurkezten duzuen. Gauza batzuk eskatzen dira, Gipuzkoako garraio-agintaritzak dagoeneko onartu dituenak, hala nola prezioak eta igoerarik ez egotea. Ez dut ulertzen, ordea, aldundian landu beharreko gaiak udaletara ekartzea, eta, gainera, garraioaren lurralde-agintaritzan PSE-EEk gehiengoa duenean».
Ordizia Oraineko Mila Sukiak adierari zuen, mozio hori udaletxean aurkezteak azaldu ez diren beste arrazoi batzuk dituela atzean, «propaganda» egitea egotzi dio PSE-EEri. Ezezko bozka eman zuten baina argitu nahi izan zuen, garraio publikoaren alde egongo direla beti, baina ez mozio honek gordetzen dituen arrazoiekin.