Errekorra jarri du Jokin Tolosak Segura-Zerain mendi lasterketako proba motzean
Irati Larrañagak irabazi du 15 kilometroko proba motza emakumezkoetan. 25 kilometroko lasterketarik luzeenean Walter Becerra izan da lehen gizonezkoa eta lehen emakumezkoa Oihana Zubillaga.

173 korrikalarik parte hartu dute gaur arratsaldean Segurako plazan hasi eta bukatu diren 15 eta 25 kilometroko lasterketetan: motzean 96 korrikalari (19 neska) eta luzean 77 (5 neska). Beroa izan da protagonistetako bat eta Jokin Tolosa anoetarra ere bai, proba motzeko marka hobetu baitu. Iñaki Hormaetxeren denbora 14 segundoan hobetu du.
Tolosaren eta Zabalegiren esanetan, bero izan dute lasterketan. Tolosak lehenengo aldiz hartu du parte Seguran eta proba polita iruditu zaio. Eguzkiak gogor jotzen zuenez, itzala gustura hartu dutela adierazi du.”Dena eman dut eta zortea izan dut lasterketa irabazteko. Bigarrenarekin batera joan naiz denbora guztian eta azkeneko jaitsieran utzi dut atzean”. Errekorra hobetzearekin ere gustura dago anoetarra: “Denbora hobetzea posible zela ikusi dut eta estutzen joan naiz. Sari bikoitzarekin, sari potoloarekin noa”.
15 kilometroko lasterketa motzeko bigarren sailkatua Aitor Etxeberria berastegiarra (1:10:14) izan da eta hirugarrena, eta lehenengo goierritarra, Mikel Zabalegi ordiziarra (1:10:34). Lehenengo segurarra Borja Gereñu izan da (1:20:20).
Emakuzmekoetan, Irati Larrañaga usurbildarra izan da garaile (1.26:37), Lara Estebanez legazpiarra eta lehenengo goierritarraren (1:27:03) eta Laiane Arrospide tolosarrararen (1:28:41) aurretik. Lehenengo segurarra Maren Insausti (1:55:13) iritsi da. Estebanez legazpiarrarentzat ere “bero handia” egin du, “batez ere igotzerakoan, itzalik ez zegoelako. Baina pixkanaka aurreratzen joan naiz eta azkenean esprintean, ahal zen bezala iritsi naiz bigarrena”. Legazpiarra hasi berria da lasterketetan eta Segurakoarekin hirugarren traila egin du. “Oso pozik nago”.
Lasterketa luzean Becerra eta Zubillaga nagusi
25 kilometroko proba luzean, Walther Becerra bizkaitarrak (2:17:41), Ibai Madina berrobiarrak (2:22:13) eta Ioseba Eskudero idiazabaldarrak (2:23:08) osatu dute podiuma. Eskuderoren esanetan, lasterketa “gogorra” izan da. “Oso azkar hasi gara, eguzkiak ere jo egiten zuen baina azkenean ondo iritsi gara”. Lehenengo aldiz hartu du parte.
Emakumezkoetan, berriz, Oihana Zubillaga anoetarrak (2.57:21), Janire Lopez zaldibiarrak (3:13:53) eta Edurne Arakistain legorretarrak (3:20:56) osatu dute podiuma.











































