Ibai Azanza irabazle Lazkaomendin
Lazkaomendin festak ari dira ospatzen asteburuan. Goizean haurren pilota partidak eta junior mailako 46. Lazkaomendiko txirrindulari proba jokatu dira. Bihar arte ekitaldi ugari izango dira.

Lazkaomendi festetan murgilduta dago asteburuan. Goizean goizetik, ekitaldi ugari dituzte, eguraldia lagun dutela. Goiztiarrenak, junior mailako txirrindulariak izan dira. 99 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute Lazkaoko plazatik amaitu eta Lazkaomendin, Ixurrene tabernaren parean amaitzeko. Larraitz bi aldiz igo behar izan dute eta helmugara iristen lehena, Ibai Azanza (Vizcay Hermanos) izan da. Minutu bat eta 17 segundora iritsi da Aimar Madina eta zortzi segundo beranduago Eneko Ortega.
Mendiko saria Azanzarentzat izan da eta taldekako txapela, Azanzaren taldearentzat Vizcay Hermanosentzat izan da.
Pilota erakustaldia ere jokatu dute gaur goizean Lartxain, pilotari gaztetxoek.
Egitaraua
- Gaur, Umeentzat puzgarriak goiz eta arratsalde, mus txapelketa Itxurrenen (16:00), Potxin eta Patxin pailazoak (18:30), buruhandiak (19:30), eta Elustondo anai-arrebekin erromeria (20:00) egingo dituzte. Auzo afaria ere badute, eta gauean Astiazaran II.a eta Andonegi trikitilariekin dantzaldia.
- Bihar, Lazkaotik ibilaldi neurtua egingo dute eskolaumeek, 08:30ean. Behin goian, haur jolasak (11:30), meza (12:30), eta Egaña eta Maddalen Artzallus bertsolariak (13:00) izango dira. Arratsaldean, hiru talderen arteko herri kirol desafioa (17:30), eta Antsorregi eta Larrañaga trikitilariak.