Idiazabal, gaztaren hiriburu
30 gaztagileren gaztak dastatu eta erosteko aukera izango da gaur eta bihar. Mami lehiaketa Julita Imazek irabazi du.

Bi urteko etenaren ondoren, gaur eta bihar euskal gaztaren hiriburua da Idiazabal, 4. Euskal Gaztaren Azoka ari baitira ospatzen. Eguraldi ona lagun, jende ugari ibili da gaur goizean Idiazabalen. Euskal Herriko 24 gaztagileren eta European Cheese Route elkarteko bazkide diren herrialdeetako sei gaztagileren gazta dastatu eta erosteko aukera izango da bi egunetan.
Arratsaldean, berriz, 16:30ean, Aritz Ganboarekin Artzain izan nahi dut jarduera egiteko aukera egongo da artzainen bizimodua ezagutzeko eta 19:30ean, Tio Teronen Semeak taldearen dantza emanaldia izango da.
Igandea, egun handia
Dena den, biharkoa izango da egun handia. 10:00etatik 15:00etara irekiko dute azoka. Musika, jolasak, gazta txapelketa herrikoia eta gazta egite eta ketze erakustaldia izango da goizean, eta eguerdian, 12:00etan, artaldea pasako da herritik. Ordu berean, Axari Dantza Taldekoak kalejiran irtengo dira, eta ondoren artile lantze tailerra egingo da, 12:30ean.
Azken ekitaldia, 13:30ean egingo dute. Etxeberri Goiko baserriko Juanita Irastorza artzaina omenduko dute eta gazta txapelketako sariak banatuko dituzte udaletxe aurrean.

Argazkia: Idiazabalgo Udala.
Atzo, mami lehiaketa
Beste hainbat ekintza osagarri ere antolatu dituzte. Esate baterako, atzo, XXI. Mami Txapelketa jokatu zen eta Julita Imaz izan zen irabazlea. Bigarren Egoitza Badiola eta hirugarren Xabier Minguez izan ziren.