Errotarriek biraka jarraitzen dute
Gipuzkoako Erroten Eguna dela eta, jarduerak antolatu dituzte Goierriko zenbait errotetan. Aramako Ibaresen bisita gidatuak eta talo tailerrak egin dituzte.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2022/05/p1280588-1200x800.jpg)
XV. Mendekoa da Aramako Ibares errota. Oria ibaiaren ertzean dago, nazional zaharraren azpian eta trenbidearen alboan. “Askok Itsasondo dela pentsatzen dute, baina muga ibaiak egiten du”, azaldu du Mikel Cobos Irizarrek. Berak egin ditu gida lanak familiako errotan. Laugarren belaunaldia du Irizar familiak Ibaresen, 1927tik daude bertan. Ordutik, zenbait errotarri erabili dituzte. Horietako hiru eraikinaren alboan daude, N1 errepide zaharra igarotzen zen zubiaren zutabeetako baten kontra. “Kareharrizkoa da bat, Trebinukoa; erdikoa Usurbilkoa da, harri konglometratukoa eta bestea Idiazabalkoa, granitozkoa”, jakinarazi du Cobosek.
Aurretik, errotara ura garraiatzeko ubidea eta presa ikusi dute bertaratuek. Jende ugari batu da eta txanda guztiak bete dituzte, bi goizez eta beste bi arratsaldez. Ordu eta erdiko bisita gidatuan, presa eta errotarriak ikusi ostean, eraikinaren barrura igaro dira bertaratuak. Ibaresen historia azaltzen duten argazki eta dokumentu batzuk dauden gelan egin dute lehen geldialdia eta jarraian iritsi dira poleaz betetako gunera. Uhateak ireki dituztenean, polea guztiak martxan jarri eta makinaria guztia biraka hasi da.
Uraren indarrarekin irina egin izan dute Ibaresen; ogia eta taloak egiteko irina, baina baita pentsuetarakoa ere. Bestetik, argindarra ere sortzen dutela aipatu du gidak, San Juan auzoko hamahiru etxebizitzatarako argia sortzen omen zuen. Etxetresna elektrikoak zabaltzen joan zirenean, ordea, soilik errotarako argindarra ekoitzi ahal izan zuten. 1980ko hamarkadatik, aldiz, ezin izan dute argindarra sortzeko makinaria martxan jarri, uholdeek eragindako kalteen ondorioz.
Izan ere, uholdeak direla eta, behin bainon gehiagotan hartu du urak Ibares. Azkena duela hilabete batzuk izan zen. orduan, zentimetro batzuk baino ez zituen hartu urak. Beste batzuetan, baina, kalteak handiagoak izan dira. Errotaren paretetan markatuta dute Oria ibaiko ura noraino heldu izan den. 1983an, esaterako, sabairaino iritsi zen. Bisita amaitzeko, bertaratuek ibaiaren albora jaitsi eta errotaren funtzionamendua bertatik bertara ikusi ahal izan dute. Gero, bertan egindako arto irinarekin, taloak egin ahal izan dituzte.
- Ibaresen kanpoaldean dauden hiru errotarriak. / A.Garmendia
- Bisitariak errotaren funtzionamendua ezagutzen. / A.Garmendia
Bisitak Goierri osoan
Lehen aldiz ospatu da Gipuzkoako Erroten Eguna Ihurrita Errota elkarteak bultzatuta. Jarduera ugari antolatu dituzte Gipuzkoan zehar, ondare elementu horiek balioan jarri eta jendeari ezagutarazteko asmoarekin. Ibaresekin batera, Goierrin beste hainbat errota ezagutzeko aukera ere egon da: Ataunen, Beasainen, Legazpin, Mutiloan, Ormaiztegin, Zegaman eta Zerainen.
Erroten eguna gaur izan bada ere, datozen egunetan ekintza gehiago egongo dira eskualdean. Zaldibian, maiatzaren 15ean, Kanpain errota bisitatuko dute eta, hilaren 21ean, Igeribar errota Gabirian. Ezkion, maiatzaren 28an, artoaren inguruan, familientzako tailerrak egingo dituzte Igartubeiti Baserri Museoan.