Mirandaola Egunak itxi ditu Santikutzak
Legazpik agur esan die aurtengo jaiei, atzo Mirandaolan ospatutako jaiarekin. Arratsaldean, erraldoiek eta buruhandiek azken kalejira egin zuten
Ohi bezala, Mirandaola egunak eman zien amaiera atzo Legazpiko Santikutzei. Egun osoko festa izan zen, eta eguraldi bikaina izan zuten lagun Mirandaolara gertutarako legazpiarrek.
Prozesioa, meza eta olagizonen eta udal agintarien ohorezko ezpata-dantza izan ziren Mirandaola egunaren lehen ekitaldiak. Burdinola martxan ikusteko aukera ere izan zen.
Parkean, bitartean, jaialdia egin zuten Doinua musika eskolako trikitilariek, Sustraiak eta Korosti taldeetako dantzari txikiek, Haztegi ikastolako bertsolariek eta maiatzaren 3ko miraria gogoratu zuten Domingo Agirreko antzezleek. Telleriarteko talogileek egindako taloak dastatzeko aukera ere izan zen.
Herri bazkaria etorri zen gero, eta bazkalondoan Lenbur Fundazioak jolas saioa eskaini zien txikienei, eta Elustondo trikitilariek musika jarri zuten. Erraldoien eta Urolatarrak txarangarekin batera egin zen gero herrira itzulera, eta herrian bertan, buruhandiekin batera kalejira egin zuten jaiei amaiera emateko.