Goierri areto futbol taldea Hirugarren Mailara igo da
Asteburuan Usansolori irabazita lortu dute 3. mailarako sailkatzea. Igoera gogotik ospatu dute jokalariek.
Goierri kirol elkartearen areto futbol saileko gizonezkoen lehen taldeak Hirugarren Mailara igotzea lortu du. Larunbatean azken jardunaldiko partida jokatu zuen Aldiri kiroldegian, Usansoloren aurka. Berdinketa behar zuten eta 6 eta 3 nagusitu ziren.
Partidaren ondoren igoera behar bezala ospatu zuten aldagelan, Goierriren egoitzan egindako afarian eta Urretxuko kale eta tabernetan.
David Callejo entrenatzailea pozik ageri da. «Duela hiru urte jaitsi ginen eta azkenean lortu dugu Hirugarren Mailara itzultzea. Goierrik Hirugarren Mailan jokatu du ia beti».
Jokalari gehienek jarraitzea espero du. «Jokalariei jarraitzeko asmoa duten galdetu behar diet. Ia denek jarraituko dutela uste dut. Ezin ditugu kanpotarrak ekarri, ezin baitiegu dirurik eskaini. Gure errefortzuak futboletik etortzen direnak izaten dira», azaldu du.
Euskal Ligan bezala, Hirugarren Mailan talde guztiak Euskal Herrikoak dira. Bidaietan ez dute orain arte baino gehiago gastatuko, baina bi epaileri ordaindu beharko diete. Euskal Ligan epaile bakarrarekin jokatzen da.