LABek greba eguna egingo du 19an, adinekoen egoitzetan
Lan hitzarmena eta ratioak hobetzearen alde egingo dute protesta Gipuzkoako egoitza guztietan. Egoera "jasanezina" dela diote.
Adinekoen egoitzetan greba eguna deitu du LAB sindikatuak, maiatzaren 19rako. Egoera “jasanezina” dela azaldu dute, zentro horietako lan gatazka “bost urte baino gehiago” luzatu baita dagoeneko. Eta horri, “COVID-19aren izurriteak izan duen eragina” gehitu behar zaio. Hala, irtenbide bat bilatzea “ezinbestekoa” dela diote.
Egoitzetan bizi duten egoera “zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio” dela uste du LABek, eta gatazka hori, “gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala” dela.
Bi urtez “erabat blokeatuta” egon eta gero, aurten negoziazio mahaia biltzea lortu dute. “Orain ordea, Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna da mahaia berriro ez blokeatzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik haratago, proposamen zehatzak mahai gainean jarri beharko dira”.
Egoera horren aurrean, “borroka da bide bakarra” LABen ustez, eta “herrialdeko lan hitzarmena eta ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko”. Bide horretan, “ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino”. Hala, greba egunarekin bat egin eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du LABek.