Lanak erdizka uztea ez zaie gustatzen
Azken Sustraiakek zazpi kontzertuko gira iragarri du. 'Utopian gara aske' diskoaren harira 2019an hasitako tourra borobilduko dute
Azken Sustraiak punk-oi talde beasaindarrak zazpi kontzertuko gira iragarri du, nahiz eta lau data bakarrik argitu dituzten. Pandemiak “pikutara” bidali zien Utopian gara aske diskoaren aurkezpen bira amaitu nahi dute. “Gira erdizka gelditu zitzaigun eta arantza hori atera nahi genuen”, azaldu du Xabier Etxezarreta Aierbe taldeko gitarrak.
Lehen kontzertua ja egin dute, asteburuan, Iruñeako Aitzina tabernan. Gustura aritu ziren, nahiz eta Etxezarretak onartu oraindik puntua hartzeko apur bat falta zaiela. Pandemia garaian taldea berritu egin da eta abesti berriak prestatzen dabiltza. Horregatik, iragarritako kontzertu sorta hau besterik ez dute joko. "Plaza politak dira", esan du Etxezarretak. Ekiñez jaialdian, esaterako, Euskal Herriko punk-oi talderik esanguratsuenekin elkarbanatuko dute oholtza.
Halere, azken bi urteetan ez dira geldi egon. Egoerara hobeto egokitzen zela iritzita, akustikoan hainbat kontzertu jo zituzten eta diska bat ere argitaratu zuten, FZA Bol. 1-6. Akustikoko etapa amaitutzat jo dute eta distortsioa berreskuratu dute.