Mendi irteera Enkarterrietan barrena
Ordunte mendilerroan ibili dira Amezti Mendi Elkartekoak asteburuan.
Amezti Mendi Elkartekoak Zegama-Aizkorri mendi maratoiko lanetan buru belarri dabiltza dagoeneko, baina tartea hartu dute asteburuan mendi irteera egiteko. Enkarterrietan (Bizkaia) ibili dira pasa den igandean, Ordunte mendilerroan barrena. Balmasedatik abiatu eta lehenik Kolitza gainean izan ziren. Bizkaiko 5 deiadar-mendietako bat da. Antzina, tontorretan sua piztuz edo adar-soinuaz Bizkaiko Batzar Nagusietara joateko deia egiten zuten deiadar mendietatik. Ondoren, Terreros, Burgüeño eta Tueros tontorrak igaro zituzten. Elkarteak azaldu du “ibilaldi eder bat” izan zen, “eguraldi bikainaren laguntzaz”. Menditik jaitsi eta Balmaseda herria ezagutu zuten eguna amaitzeko.