500. saioa egingo du Bixi Bixi irratsaioak, gaur
Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara taldearen saioa da eta lehenengoa 2007ko urriaren 10ean egin zuten. Aurten toka eta noka erregistroan aritzea erabaki dute
Segura Irratiko Bixi Bixi saioak 500. irratsaioa egingo du gaur, 12:05etik 13:00etara. Hitz edo irri Euskaraz Elkarri euskara taldearen irrati saioa da, Lierni Elortzak koordinatua. Lehenengo saioa 2007ko urriaren 10ean egin zuten. Eusko Jaurlaritzaren EBPN Euskara biziberritzeko planaren barruan sortu zen, eta geroztik Segurako Udalaren babesarekin egin du aurrera. Euskaraz eta Euskal Herriko ikuspuntuarekin murgiltzen diren elkarte, erakunde edo norbanakoengana jo eta arlo ezberdinei buruz hitz egin ohi dute saioetan, Elortzak agertu bezala «euskara biziberritzeko helburuari tinko eutsiz». Ehunka gonbidatu pasatu dira 15 urteotan. Gaur, larunbatean Seguran ospatuko den Udalerri Euskaldunen Eguna izango dute hizpide Iraitz Lazkano Uemako lehendakariarekin.
Hitanoaren aldeko apustua
Euskara bultzatzeko jarreren artean, aurten Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri taldea hitanoa sustatzeko egiten ari den lanarekin bat egin du irratsaioak. Ahal bezain bestetan saioan toka eta noka erregistroan aritzea erabaki zuten, aurkezleen artean zein gonbidatuekin.