Beñat Irastorza Ugalde ordiziarrak irabazi du (H)ilbeltza beka
Euskal nobela beltza sustatzeko helburuarekin sortu zuten lehiaketa hau. Fred Vargas idazle frantsesaren 'Debout les morts' eleberria euskara
Beñat Irastorza Ugalde ordiziarrak irabazi du 2022ko (H)ilbeltza beka. Euskal nobela beltza sustatzeko helburuarekin sortu zuten lehiaketa (H)ilbeltza elkarteak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak, eta aurtengoa, seigarren ekitaldia da. Sormen lanak eta itzulpen lanak saritzen ditu bekak, urtero txandatuz. Aurtengoan itzulpen lana saritzea tokatu da, eta antolatzaileek Fred Vargas idazle frantsesaren Debout les morts eleberria euskaratzeko hautua egin zuten. Polizia-eleberriaren arloan, idazle itzulienetakoa da Fred Vargas (Paris, 1957), eta liburu gehien saltzen dituenetakoa ere bai. Dena den, euskarara ekarri gabe zegoen eta hutsune hori beteko du bekaren irabazleak.
Beñat Irastorza Ugalde (Ordizia, 1993) matematikaria da, Bartzelonan egin zituen ikasketak. Literatura eta hizkuntza zalea da aspalditik, eta gaur egun Frantziar estatuan bizi da. Gipuzkoarrak (H)ilbeltza beka irabazteari esker euskaratuko duen liburua da argitaratuko duen bere lehen itzulpen lana. Horretarako, 6.000 euroko diru-laguntza izango du. Txalaparta argitaletxeak liburua argitaratuko du 2023 urte bukaeran. Ondotik, Euskal Nobela Beltzaren Astearen 2024ko edizioan, aurkezpen publikoa egingo du.