Hemen dira lehenengo festak!
Bi urteko etenaldiaren ondoren, jaiak ospatzeko moduan gaude. Urretxuko eta Zumarragako lehenengoak Eitzaga auzokoak izango dira. San Isidro jaiak asteburu honetan ospatuko dira.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, jaiak ospatzeko moduan gaude berriro. Urretxun eta Zumarragan ospatuko diren lehenengoak Eitzaga auzokoak izango dira. Jendea festa gose da eta bi herrietako bizilagunek Eitzagako jaiak asko maite dituzte gainera.
Ekitaldi nagusiak asteburu honetan izango dira, baina aurreko asteburuan ere hainbat ekitaldi egin dira: larunbateko mus txapelketan 17 bikotek parte hartu zuten. Txema eta Olea nagusitu ziren. Igandean pilota partidak, bigarren eskuko azoka eta Alarma Morea taldearen kontzertua egon ziren. Bihar auzotarrak ermitako frontoian elkartuko dira jaietarako auzoa apaintzeko. 17:00etan dute juntadizoa.
Ostiraletik igandera
Hurrengo ekitaldiak ostiralean izango dira. 18:00etan magia ikuskizuna egongo da ermitan eta txokolate jana San Gregorion. 19:00etan, txupinazoa egingo dute eta buruhandiak aterako dira. Gainera, Urolatarrak txarangak auzoko kaleetan joko du. 21:30ean afari herrikoia egingo dute ermitan. Tiketak 25 euroan jarri dituzte salgai, auzoko tabernetan. Gauerditik 04:00ak arte, DJ Inaxek auzoa alaituko du.
Larunbatean ere makina bat ekitaldi egongo da. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute San Gregorio kalean. Ordu berean, ZU Dantzaz taldeko kideek dantzaldia egingo dute eta auzoko pilotalekuan gaztetxoek pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte. 17:00etan kros herrikoia hasiko da eta 19:00etatik 21:30era Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du. 23:30ean Iratzar erromeri taldeak kontzertua egingo du auzoko ermitan.
Igandean jaietako egun handia ospatuko dute: San Isidro eguna. 10:00etan Antxiñako Ama txistulari taldeko kideek goiz eresia egingo dute. 11:00etan meza egongo da. Mezan Goiargi abesbatzak abestuko du. Mezaren ondoren auzoko jubilatuek hamaiketakoa egingo dute. 12:30ean Irrintzi dantza taldeko Dantzari Txiki festan parte hartuko duten haurrek Eitzagan dantzatuko dute. Eguraldi txarra egiten badu, dantza saioa Beloki pilotalekuan egingo da. 13:00etan Zumarragako musika bandak kalejira egingo du auzoko kaleetan.
Jaietako azken hiru ekitaldiak igande arratsaldean izango dira. 16:00etan dantza gidatuak egongo dira. Nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. 18:00etatik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldekoekin abesteko aukera egongo da. Bukatzeko, 22:00etan jaiei amaiera emango diete Korta tabernako plazatxoan.