Herriko Rubik kuboaren bigarren txapelketa jokoan, larunbatean
Jon Alberdi gazteak antolatu du topaketa. Urbeltz pilotalekuan izango da, eta izena eman behar da ostiralerako.
Jon Alberdi Legazpiko gaztetxoak topaketa bat antolatu du Rubik kuboaren inguruan datorren larunbaterako, maiatzak 14. Urbeltz pilotalekuan izango da, 16:00etan hasita.
Topaketan erakustaldiak egingo dituzte, eta buru hausgarri hori osatzeko trikimailuak partekatzeko aukera ere izango da. Amaitzeko, herri mailako txapelketa egingo da. Txapelketaren bigarren edizioa izango da. Lehena iazko abenduan jokatu zuten, eta Pawel Walczyk gazteak irabazi zuen.
Txapelketan mota ezberdinetako kuboak erabiliko dira, eta nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du. Izena emateko azken eguna ostirala da, hilak 13, eta mezu bat bidali behar da rubiklegazpi@gmail.com helbidera. Norberak bere kuboa eramateko eskatu du antolakuntzak.
Maila handiko jokalariak
Rubik kuboaren munduan oso ezagunak diren Julio Perugorria, Julen Simon eta Ibai Tobar izango dira Legazpiko topaketa honetan. Hiruak oso maila handikoak dira, errekorrak ere badituzte, eta erakustaldiak egingo dituzte kuboaren modalitate desberdinekin.