Idiazabal kaleratuta, Ataun eta Zaldibia sartuko dira Herriarteko eskuko lehian
Aurrekanporaketako itzuliko jardunaldia ere 2-1 irabazi dio Andoainek Idiazabali. Final zortzirenetan, Zaldibiak Oiartzuni aurre egingo dio. Ataunek Villabonan jokatuko du estreinakoa
Berragerpenaren Herriartekoan ibilbide laburra egin ahal izan du Idiazabalek. Zozketan aurre-kanporaketa jokatzea egokitu zitzaion, gainontzeko taldeak asteburu honetan hasiko direnean. Andoainen 4 eta 2ko emaitza orokorrarekin kanporatu du.
Ostiral iluntzean, Andoaingo Arrate frontoian, Idiazabalgo jubenilek bakarrik irabazi ahal izan zuten. Aldasoro-Garcia bikoteak 9-22 menperatu zituen andoaindarrak, joanekoan Idiazabalen egin bezala (22-7 orduan). Baina kontrako markagailua zekarten Igarondotik (1-2), eta beste bi partidak galdu zituen Idiazabalek: kadetetan, Imaz-Mintegik 22-9 eta nagusietan Loidi-Mendizabalek 22-6.
Eskuan beste bi lehiara
Herriarteko eskuko sailean, nahiz Idiazabal kanporatua izan, Goierrik bi ordezkari izango ditu, asteburu honetan jokatzen hasiko direnak. Batetik, Zaldibia Herriartekora bueltatuko da. Resti pilotalekuan jokatuko dute, Oiartzunen kontra, ostiralean 19:00etan hasita.
Zaldibiako herria eta Gaztelupe pilota eskola ordezkatuko duen taldea honakoek osatuko dute, Unai Lezea eta Jaione Izagirre ordezkari-arduradun direla: Aetz Lopez eta Jokin Mendizabal kadeteetan, Enaitz Etxeberria eta Iñigo Mendizabal jubeniletan, eta Alex Sukia bera eta Aitor Elizegi helduetan (Jon Mendizabal ordezkoa).
Ataunek, berriz, Villabonan helduko dio lehiaketari, etzi 18:30ean hasiko den jaialdian. Pilotari hauek aukeratu ditu Ataun Kirol Elkarteak, hiru mailetarako: Beñat Senar, Josu Etxeberria, Beñat Zubizarreta, Aitor Kerejeta, Jon Erauskin, Nikolas Contreras, Martin Kerejeta, Zuhatz Sukia eta Mikel Alzua.
Prestatzaileak, ohi bezala, Eneko Imaz eta Iñigo Alzua ditu Ataungo taldeak.