Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak errezeta liburua argitaratu du
Lau kontinentetako 31 errezeta jaso dituzte. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideek emandako errezetak dira. Liburua urretxu.eus webgunean eskura daiteke
Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak: aniztasuna lapiko artean liburua argitaratu du. Liburuan Mahaian parte hartzen duten kide ezberdinen errezetak jaso dituzte. Lau kontinentetako 31 errezeta jaso dituzte. Errezeta makrobiotiko bat eta Lucia eta Pablo Buscak sortutako Zubimusu postrea ere aurkitu daitezke. Herrialde ezberdinetatik etorri diren urretxuarren errezetak, alegia. Liburua urretxu.eus webgunean eskuratu ahal izango da, formatu digitalean.
Liburua joan zen astean aurkeztu zuten. Bide batez, Aniztasun Jaia aurkeztu zuten. Hilaren 21ean egingo dute. Gastronomia postuak, ikuskizunak eta tailerrak egongo dira. Helburua Urretxuko kaleetan dagoen aniztasuna erakustea da.
Aurkezpen ekitaldian, Maialen Fidalgo zinegotziak, Maite Aguado Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko dinamizatzaileak eta errezetak eskaini dituzten Mahaiko kideek parte hartu zuten.
Eskerrak
Aguadok eskerrak eman zizkien Mahaian parte hartzen duten guztiei. «Herritarren, elkarteen eta udalaren konpromiso horri esker gaude gaur hemen. Hori dela eta, guztiei eskerrak eman nahi dizkiet».
Liburu honek Sukaldanitzak egitasmoan du jatorria: herrialde ezberdinetatik etorritako urretxuarrak Goierri elkartean elkartu ohi dira kozinatzeko eta ondoren prestatutakoa jateko. Liburuan lau kontinentetako 31 errezeta jaso dituzte: Euskal Herria, Honduras, Dominikar Errepublika, Senegal, Argentina, Maroko, Ginea Conakry, Ekuatore Ginea, Pakistan, Japonia, Korea, Danimarka, Italia, Bulgaria, Sahara, Kolonbia, Brasil, Venezuela, Bolivia, Espainia, Galizia, Kuba, Peru…
Ijito komunitatearen errezeta bat eta errezeta makrobiotiko bat ere jaso dituzte. Baita Lucia eta Pablo Alvarez anai-arreben Zubimusu postrea ere. Postre honek Urretxuren eta Zumarragaren arteko harremana du oinarri eta bi herrietako postre tipikoa izateko jaio zen.
Aniztasun Jaia
Hilaren 21eko Aniztasun Jaian postre hau eta liburuko errezetetako asko dastatzeko aukera egongo da. Jaiak aurreko edizioetako formatua izango du, baina motzagoa izango da. «Izan ere, azken bi urteetan ezin izan dugu festa antolatu eta ez dakigu jendeak nola erantzungo duen. Gainera, pandemia dela eta, aisialdiko ohituretan aldaketak egon dira. Jendeak ordutegiak aldatu ditu. Dena den, denok normaltasuna berreskuratzeko irrikatan gaudela eta, festak arrakasta izango duela uste dut».
Aniztasun Jaian herrialde ezberdinetako platerak dastatzeko aukera egongo da: Honduras, Maroko, Nikaragua, Senegal, Venezuela, Argentina eta Herrialde Katalanak, besteak beste. Horretaz gain, musika eta dantza ikuskizunak eta tailerrak egongo dira.
Aspacekoek saskigintza tailerra egingo dute eta Gazte Bideanekoek txapa tailerra. Gurutze Gorrikoek aurpegiak margotuko dituzte. Chernobil elkarteak informazio postua jarriko du eta Gorka Santestebanek animatzaile lana egingo du. Mahaiak ere postu bat jarriko du. Bertan, Sukaldanitzak liburua promozionatuko du.