Dantzak kalea hartu du berriro
Amets Bide Dantza taldeak Dantza Asteburua antolatu du. Larunbatean Barandila eta Zortzikoa egingo dituzte eta igandea izango da txikienen eguna
Kaleak ari dira berriro ere bizia irabazten. Goierriko herri guztietan kultur agenda bete-beteak izaten ari dira azken asteetan. Bi urteren buruan, berreskuratu dira euskal dantzen presentzia kaleetan. Iragan asteburuan, Legorretan egin zuten Dantzari txikien eguna. Aurretik Zaldibian ere ospatu zuten. Asteburu honetan berriz, dantza letra larriz idatziko dute Ordizian. Amets Bide dantza taldeko Izaro Intxausti emozioz beterik dago asteburu hain garrantzitsuaren atarian; «kultura hain kaltetua izan da azken bi urteetan, eta kulturaren barruan dantza, berriro ere Dantza Asteburua ospatu ahal izatea zerbait oso-oso pozgarria da».
Dantzari guztiekin, baina bereziki txikienekin akordatu da Intxausti. Izan ere, taldeko dantzari gazteenentzat esperientzia guztiz berria izango delako dantza egitera kalera ateratzea. Kontutan izan behar da, azkeneko bi urteetan horrelako ekitaldiak kaleetatik desagertu direla, eta egoera horretan mundua deskubritzen ari diren txikiek, horrelako ekitaldiak existitzen zirenik ere ez zekitela. Horregatik, hitz bereziak ere haientzat.
Kultur ekitaldien alde eta batez ere dantzaren alde ahotsa altxatu eta gero, Ordizian egingo duten dantza erakustaldi erraldoira gonbita luzatu die denei.
Bi eguneko dantza festa
Larunbatean Barrena Parkean Barandilaren bigarren edizioa egingo dute. Iazko arrakastaren ondotik, aurten ere Pasaiako Studio 24ko ballet dantzariak etorriko dira Amets Bideko ballet dantzariekin batera barandila osatzera.
Arratsaldean berriz, 2016an sortutako Ordiziako zortzikoaren bosgarren edizioa egingo dute. Beste urte batez, Ordiziako txistulariekin elkarlanean aritu dira eta guztira 80 dantzari eta 20 musikarik parte hartuko dute. Hasiera 19:00etan izango da Barrena Parketik.
Amaiera Plaza Nagusian izango da eta eguna borobiltzeko, afalondoren sinadura ekitaldia izango da. Bost edizioetan ateratako dantzariei oroigarri berezi bana oparituko zaie. Ondoren Muxutruk taldearekin erromeria izango da.
Igandea berriz, txikienen eguna izango da. Honenbestez, talde gonbidatuak honakoak izango dira: Zaldibiko Iztueta, Lazkaoko Oin Arin, Beasaingo Aurtzaka, Iruñetik Amaiur eta Legorretako Irrintzi Alai, Ordiziako Urdaneta eta Amets Biderekin batera. 250 dantzari inguru bilduko dira.
Urtero bezala herrian zehar desfilea egingo dute eta amaiera Barandiaran Plazan emango diote denek batera alardean dantzatuz eta familia argazkia atereaz.
Bazkaria ume eta gurasoen artean Plazan egingo dute. Bazkalondoren Xaiborrekin disko festa izango da.
Intxaustik azaldu duenez, azken hilabeteetan lan handia egin dute eta emaitza aparta izango dela uste du.