Hegazti gripe kasu bat atzeman dute Beasain inguruan
Gaixotasuna ez da arriskutsua pertsonentzat, baina sektorean galera ekonomikoak eragin ditzake; izan ere, ustiategi batean hegazti gripearen kasuren bat atzematen bada, ustiategiko hegazti guztiak hil behar dira
Beasain inguruan Gipuzkoako Basozainek harrapatutako sai arre batek hegazti gripea duela baieztatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak. Lasaitasun mezua ere helarazi dute, gaixotasuna ez baita arriskutsua gizakientzat. Hegaztien haragia, arrautzak, gibel-orea edo hegaztiz egindako edozein elikagai kontsumitu daitekeela nabarmendu dute, hegaztia kutsatuta egonda ere.
Ustiategientzako oso kaltegarria izan daiteke, ordea. Gaixotasuna bertara sartzen bada ustiategiko hegazti guztiak hil behar dira. Horregatik, Ingurumen sailak etxe-hegaztiak konfinatzea gomendatu du. Arduradunak animalien egoera klinikoa egiaztatzeko lanetan dabiltzala ere iragarri dute, infekzioaren diagnostiko goiztiarra egiteko.
Oilo erruleen 83 ustiategi daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta urtean milioi bat arrautza baino gehiago ekoizten dituzte. Haragiaren ekoizpenari dagokionez, oilaskoen 65 ustiategi daude (250.000 hegazti) eta beste hegazti espezie batzuen ehun bat ustiategi: indioilarrak, ahateak, antzarak, ostrukak, emuak, galeperrak, eperrak, etab.
Hegazti-gripea gaixotasun birikoa da. Kutsakorra da hegazti espezien artean, eta hilkortasun-tasa handia izaten da kutsatutakoen artean. Esaterako, Animalia Urnietako (Gipuzkoa) Arizmendiko basa-fauna berreskuratzeko zentrora eraman zuten eta bertan beste hiru sai arrerekin kontaktuan egon zen; horietako bat ere kutsatu da.