Biziola kooperatibak bihar du eratze batzarra
Biziola ekimenak bihar egingo du bere historiako urrats erabakigarrietako bat: kooperatiba sortzeko batzarra. Lazkaoko faktorian, 11:00etan hasiko da bilkura eratzailea. Zati formala 12:15 ingurura arte luzatuko da, eta ondoren orain arteko ibilbidea nahiz hasiera ospatzeko topa egingo dute partaideek, otamen batean, ospakizun giroz.
Asebeteta geratu dira bultzatzaileak proiektuaren aurkezpen fasearekin. Goierriko herri guztietan izan dira, 27 aurkezpen egin dituzte guztira, eta 300 bat lagun joan dira entzutera.
Hain justu, babesle kopuru bertsua erakartzea ere lortu dute orain arte, bazkide juridiko eta herritarren artean. Helburutzat jarri zuten 500 taupada edo bazkide lortzeko bidean, «abiapuntu oso-oso ona» dela ziurtatu dute Biziolako iturriek. Kontuan hartuta oraindik bazkide egiteko aukera irekita dagoela, irailera arte luzatuko baitute kanpaina.
Ardura organoak osatzera
Sustengu kualitatibo eta kuantitatibo onarekin helduko da batzar eratzailera Biziola. Herritarrez gain, udal «dezentek» eta eskualdeko kooperatiba nahiz bestelako enpresek ere agertu dute partaide izateko interesa.
Biharko batzarrean, kooperatiba eratuko dute, Hiribarren-atze kaleko egoitzan. Antolaketa berria proposatu eta onartuko dute, hiru organo sortuta: Batzar Orokorra, Zaintza Batzordea eta Kontseilu Errektorea. Aurrenekoa urtean pare bat aldiz deituko dute, bazkide guztiek hitza eta proposatzeko plaza izateko. Proiektuaren bidea markatuko du. Zaintza Batzordea, bi hilean behingo maiztasunarekin, kooperatibaren aniztasunaren berme eta gainbegirale izango da, baita berrikuntzarako, hausnarketarako eta barne komunitatearen kohesiorako gune ere.
Kontseilu errektorea 10 lagunek osatuko dute. Hiru lan-talde ireki izango ditu jiran: elikadura, fabrika eta komunikazioa.













