Biziola kooperatibaren sortze batzarra egin dute gaur
Biziola kooperatibako kontseilu errektorea osatu dute gaur. Dagoeneko 315tik gora bazkide dituzte eta espero dute udazkenerako, 500 bazkidera iristea.
Eraldaketaren bidean, urrats garrantzitsua eman da gaur Goierrin; Biziola kooperatibaren sortze batzarra egin dute Lazkaoko faktorian. Andoni Mikelarena Biziolatarrak adierazi duen moduan “Biziola kooperatiba ofizialki eratu dugu gaur”. Martxoaren 12an egin zuten lehen aurkezpena, eta ordutik, herriz herri, proiektua ezagutzera emateko lanean aritu dira, ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko helburuarekin.
Gaurko hitzorduan, 10 pertsonek osatutako kontseilu errektorea osatu dute, baina horrez gain eta Mikelarenarentzat “garrantzia handiena” duena da, “Biziola dela auzolanean eta parte hartzearen bidez garatzen ari garen proiektua”. Izan ere, parte hartzean egongo da gakoa; “hiru lan talde behintzat martxan jarriko ditugu eta bestelako espazio batzuk ere irekiko ditugu”.
315 bazkidetik gora
Proiektuaren gizarteratzearen ondoren jasotako erantzunarekin “oso-oso pozik” agertu da Mikelarena. “Hurrengo urteko udazkenerako 500 bazkide eta 100.000 euroko kapitala lortzeko erronka jarri genuen, eta gaur esan dezakegu, 315 bazkide baino gehiago garela, eta kapitalari dagokionez, ekarpenekin ere oso gustura gaudela”. Espero dute udazkenerako “helburuak betetzea”.
Hurrengo urratsak hiru izango dira: “Batetik, proiektua ezagutarazten jarraitzea eta bazkidetza indartzen jarraitzea; bestetik, proiektuak dituen parte hartze guneetara jendea batzea sustatzea; eta hirugarren urratsa izango da, espazioa bera martxan jartzea”.