Ampo Ordiziak garaipena lortu du eta ligako finalerdietara sailkatu da
Ampo Ordiziak 26-20 garaitu du Sevillako Ciencias Ciencias Enerside taldea. Ohorezko Mailako ligaren finalerdietara sailkatu da talde ordiziarra.
Ohorezko Mailako ligaren final laurdenetako partida jokatu du gaur Ampo Ordiziak. 12:00etan eman diote hasiera Sevillako Ciencias Enerside taldearen aurkako partidari Altamirako zelaian. Jendez lepo egon dira harmailak eta, partidaren garrantziaz jabetuta, gogotsu animatu dute etxeko taldea.
Ordiziarrek indartsu ekin diote norgehiagokari. Asier Alvarez de Eulatek entsegua egin eta Valentin Cruzek emendioa gauzatuta, 7-0 aurreratu dira markagailuan. Sevillako taldeak, ordea, laster irauli du markagailua eta aurretik jarri dira, 7-13. Zigor kolpe bati esker, Cruzek beste hiru puntu lortu ditu etxeko taldearentzat. Partida 40. minutura gerturatzen ari zenean, Ampo Ordiziak entsegua egiteko aukera eduki du, baina, azkenean, markagailuak 10-13 irudikatzen zuela iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta zazpi minutura, Oier Goiak entsegua egin eta Valentin Cruzek entsegu emendioa gauzatu du. Horrela, etxeko taldea aurretik jarri da, 17-13. Andaluziarrek baina, ez dute etsi eta berriro ere markagailua euren alde jarri dute, 17-20. 60. minututik aurrera, ostera, ordiziarrak nagusitu dira. Valentin Cruzek bi zigor kolpetan asmatu eta 23-20 jarri du markagailua. Ostera, Cruzek berak beste hiru puntu eskuratu ditu drop batekin. azken minutuetan, ordiziarrek aldeari eustea lortu dute eta 26-20 amaitu da partida.
Puyadenari eskertza
Garaipenari esker, Ampo Ordizia Ohorezko Mailako finalerdietara sailkatu da. Valladolideko El Salvador taldearen aurka jokatu beharko du maiatzeko azken asteburuan. Bien artean nagusitzen denak, ekaineko lehen asteburuan ligako finalerako txartela eskuratuko du.
Partida amaieran, Iñaki Puyadenari omendu dute. Altamirako zelaian jokatuko duen azken partida izan da gaurko eta taldeak eskerrak eman nahi izan dizkio. Berak ere esker hitzak izan ditu taldekideentzat, Ordiziako Rugby Elkarteko guztientzat eta publikoarentzat.