Dantzari txikiak izan dira protagonista gaur Ordiziako kaleetan. Herrian zehar dantzan ibili ostean, bazkaria egin dute Plaza Nagusian.
Amets Bide Dantza taldeak Dantza Asteburua antolatu du. Atzo, ballet dantzariek Barandillaren bigarren edizioa egin zuten Barrena Parkean eta, arratsaldean, Ordiziako zortzikoaren bosgarren edizioa. Afalostean, bost edizioetan ateratako dantzariei oroigarriak banatu zizkieten eta, ostean, erromeria egon zen Muxutruk taldearen eskutik.
Gaur, gazteenen txanda izan da, Dantzari Txiki Eguna ospatu dute. Bertan aritu dira Ordiziako Amets Bide eta Urdaneta dantza taldeetako kideak. Baita beste herrietatik etorritakoak ere: Zaldibiako Iztuetakoak, Legorretako Irrintzi Alaikoak, Lazkaoko Oin Arinekoak, Beasaingo Aurtzakakoak, Iruñeko Amaiurrekoak edo Lezoko taldekoak.
Barandiaran plazan ekin diote desfileari. Kale Nagusian eta Urdaneta kalean zehar ibili ostean, hasierako plazara itzuli dira. Bertan egin dute alardea. Ostera, Plaza Nagusian bazkaldu dute eta, jarraian, DJ Xaiborrekin dantzaldia izan dute.