Zaldibiako errotak ezagutzeko ibilaldia egin dute
Zaldibiako errotak ezagutzeko ibilaldi gidatua egin dute. Bertaratutakoek hiru errota bisitatu ahal izan dituzte, baita horien inguruko azalpenak entzun ere.
Hamarnaka bisitari batu dira Zaldibiako plazan goizeko hamar eta erdietan. Bertan eman diote hasiera Zaldibiako errotak ezagutzeko ibilbideari. Datorren igandean ospatu zen Gipuzkoako Erroten eguna eta, horreran harira, antolatu dute ekintza.
Eztitxu Mujika Zaldibiako alkateak hartu du hitza bisitari ekin aurretik. Ekintza antolatzea posible egin dutenei eskerrak eman dizkie; besteak beste, Aramako Ibares errotakoei Kanpain errota martxan jartzen laguntzeagatik, eta eraikinen jabeei horiek erakusten uzteagatik.
Herriko zenbait gaztek eta helduk lanketa egin dute Zaldibiako erroten inguruan, eta hortik sortu dute ibilbidea. Lan horretan jardun duten herriko gazteek eman dituzte azalpenak ibilbidean zehar. Hiru errota ikusi dituzte bisitan zehar, baina, tartean, beste hainbat guneren inguruko xehetasunak ere eman dituzte.
Olako errotara joan dira lehenik. Bertan, azalpenak jaso ostean, barrura sartzeko aukera izan dute bertaratuek. Ondoren, Amundarain errekan gora eginez, Zubieta errotaraino iritsi dira. Handik, berriro herrigunera itzuli eta Kanpaingo errota izan da ibilbideko azken geldiunea. Bertan, errotaren funtzionamendua ezagutu ahal izan dute.