Elikaduraren ekoizpenaz eta kontsumoaz gogoeta egiteko dokumentala ekoitzi dute Landarlanek eta On Produkzioek
'Zure platerean hasten da mundua' dokumentalaren aurre-estreinaldia ostegunean izango da, Hernaniko Orona auditorioan. Agroekologiaren ikuspuntutik, elikaduraren inguruko "begirada zabaldu" nahi du egitasmoak. Herrika zabaltzeaz gain, lanketa sakonagoa ere bultzatu nahi dute, eskolekin, baserriekin eta eragileekin.
Landarlan ingurumen elkarteak eta On Produkzioek Zure platerean hasten da mundua dokumentala ekoitzi dute. Gaur goizean aurkeztu dute Donostian, eta ostegunean 19:30ean izango da lehenbiziko aldiz ikusteko aukera, Hernaniko Orona auditorioan. Goierritarrak dira lanaren ekoizle, bultzatzaile eta gidari, baina Euskal Herri osora zabaldu dute elikadurari buruzko gogoeta.
Urte eta erdiko lanaren emaitza da dokumentala. Urtebete grabatzen aritu dira, urtaro bakoitzaren xehetasunak jaso nahi zituztelako. Landarlaneko Jon Fontenla da zuzendaria, Aloña Jauregi ekoizpenaren arduraduna, Amaia Aierbe nutrizionista ataundarra gidoilaria eta On Produkzioetako Iban Toledo argazkilaritzaren arduraduna. Gaurko aurkezpenean, lau horiekin batera, EH Kolektiboko lehendakari, artzain eta dokumentaleko partaide Josebe Blanco ere izan da.
Elikatzea, osasunean ezezik, naturan eta bestelako eremu sozio-ekonomikoetan eragiten ari diren “inpkatuak” gogoeta eginarazi nahi du dokumentalak. “Elikaduraren inguruko begirada zabaldu nahi izan dugu. Kontsumitzaileak ere parte gara, eta kontsumo ohituretan ere fokua jarri behar da”, azaldu du Aierbek. Hausnarketarako bakoitzak beretik “pausoak ematen hasteko” gonbita egiten du ikuskariak.
Euskal Herriko lau herrialdeetan grabatu dituzte irudiak, agroekologiaren parametroetan lanean ari diren landetxeen eta baserrien egiteko erak nahiz ekoizleen filosofiak aurkezteko. Antzuolan (Gipuzkoa), Salcedon (Araba), Iruñean, Azkainen (Lapurdi), Hernanin (Gipuzkoa) eta Lizarran (Nafarroa) lan egin dute. “Urtaroen zikloek markatu dute grabaketa, eta urte osoa igaro dugu grabatzen”, azaldu du Toledok.
Hiru aktoreren lotura lanarekin
Ekoizleen lanaren lokarri, hiru aktore goierritarren fikziozko partaidetza da Zure platerean hasten da mundua dokumentalaren haria. Maitena Salinas beasaindarrak, Andoni Aizpuru gabiriarrak eta Maria Redondo legazpiarrak parte hartu dute.
Haiek eramango dute ikuslea baserrietara, janariak ekoizteko langintza mota desberdinak erakusteko. “Plazer handia izan da baserrietara joatea. Ateak zabalik, beti prest agertu dira. Asko ikasi dugu oraingoan ere. Benetako jendea eta proiektuak dira. Barrutik eta sinistuta egiten dute lana, eta pentsatzeko eta mundua ikusteko beste modu bat eskaintzen dute”, azaldu du Jauregik.
Hain justu, modu ekologikoan, gertutasunean eta ekonomia sozialean oinarrituta lanean ari diren nekazarien nahiz abeltzainen presentzia erakusteko bitarteko aparta dela dokumentala iritzi dio Blancok. “Gu normalean ez gara inon azaltzen, eta aukera ederra da hau”, eskertu du Landarlanen ideia eta egitasmoa.EHKolektiboan Euskal Herri osoko baserriak daudela oroitarazi du.
Zure platerean hasten da mundua dokumentala, izatez, proiektu zabalago baten lehenengo atala baizik ez da. Bi ildotan jorratuko dute elikaduraren gaia: eskoletarako material pedagogikoa sortuta, batetik (Interneten ere eskuragarri jarriko dute), eta herriz herri aurkeztuta, bestetik. Emanaldi soiletatik harago, ordea, herri bakoitzean bertako ikastetxearekin, eragileekin, udalarekin eta elkarteekin “sakonago” landu nahi dute, jardunaldiak edo ekologikoki lanean ari diren tokiak tokiko baserrietara bisitak antolatuta.
“Hiru aldiz jaten dugu egunero, eta janariak lotzen gaitu herritarrak eta baserritarrak. Elkarrekin erabaki behar dugu nola ekoitzi”, azaldu du Josebe Blancok.