«Errugbiarekin gozatu dezatela, hori izan dadila lehentasuna»
Iñaki Puyadena errugbi jokalariak errugbia utziko du aurtengo denboraldia amaitzean. Ordizia Rugbiko harrobiko jokalariak 300 partidaren langa gainditu duen bakarrenetakoa da. Igandean jokatu zuen Altamira zelaian azken partida, eta amaitzean, taldekideek omenaldia egin zioten.
Iñaki Puyadena errugbi jokalariak errugbia utziko du aurtengo denboraldia amaitzean. Ordizia Rugbiko harrobiko jokalariak 300 partidaren langa gainditu duen bakarrenetakoa da. Igandean jokatu zuen Altamira zelaian azken partida, eta amaitzean, taldekideek omenaldia egin zioten. Momentu oso hunkigarria izan zen jokalariarentzat.
Altamira estadioan agurra egin zizuten atzoko partidaren ostean. Nolakoa izaten ari da biharamuna?
Egia esan ona! Garaipena lortu genuen, eta egun polita izan zen. Emozioen aldetik oso egun potentea izan zen niretzat, etxean jokatu dudan azken partida izan zen, eta eskertzeko asko dut taldeak egin zidan keinuagatik.
Horrelako egun berezia izanik, nola zelairatu zinen?
Aste osoa neraman buruari bueltak ematen, eta bai, ohi baino urduriago zelairatu nintzen. Beroketa egin eta partidan sartzearekin batera hasi nintzen lasaitzen, buruan neuzkanak alde batera uzten, partidan arreta jartzen eta benetan egunaz gozatzen. Partida amaitu eta berriro azaleratu zitzaizkidan sentipen guztiak.
Bizitza osoa egin duzu Ordizia Rugbiri lotuta. 300 partiden langa gainditu duzun hiru jokalarietako bat zara. Nolakoa izan da horrelako erabakia hartzea?
Nahi nuen nik erabaki noiz utzi, ez zedila izan lesio bategatik, eta aurtengoa nire azken denboraldia izango zela denboraldian zehar erabakita nuen. Dena den, aitortzen dut, denboraldiak aurrera egin ahala zalantzak ere izan ditudala, izan ere, ume-umetatik jokatzen dut errugbian, talde honetan, eta ez, erabakia hartzea ez da guztiz erraza izan ez. Baina, pozik nago egindako ibilbidearekin, zeinek esandako lidake niri hasi nintzenean hainbeste urtetan jokatuko nuenik. Beraz, pozik noa!
Taldean geratzen direnentzako, etorriko direnenentzako eta hurrengo belaunaldientzako hitz batzuk?
Gozatu egin behar dela, hori dela garrantzitsuena. Etxekoek, kanpotik datozenek, atzetik datozen gazteek, guztiok amankomunean duguna da, hain zuen ere, gozatu egin nahi dugula. Gozatzen duzun bitartean pozik zaude, eta horrek ematen du segitzeko indarra, hori da gakoa! Beraz, hori esango nieke, goza dezatela, hori izan dadila lehentasuna.