LegoReggae jaialdiak badu data
Legorretako Reggae jaialdi ezaguna ekainaren 11n egingo dute. Sarreren aurresalmenta ere martxan da dagoeneko.
LegoReggae jaialdia indar betean dator aurten. Dagoeneko jakinarazi dute data antolatzaileek: ekainaren 11n izango da, larunbatarekin. Eta tantaka, hasi dira jaialdian parte hartuko duten artisten izenak jakinarazten. “Euskal reggae eszenako aintzindari” den Bad Sound bikotea, eta Belen Natali, “Reggae, Dub, Trip-hop eta Jazz abeslari eta sortzaile argentinarra” eta Woman Soldier taldeko kideetako bat dira orain arte iragarritakoak. Datozen egunetan, LegoReggae jaialdiaren sare sozialetan jakinaraziko dituzte gainontzeko izenak.
Jaialdirako sarrerak ere jarri dituzte, aurresalmentan. Lehen kolpe honetan erosten dutenek, 13 euro ordaindu beharko dute. Legorretako Olaso, Intsausti, Jubilatuenea eta Ezkizu tabernetan eta Ordiziako Kirkilen daude salgai, baita online ere. Behin horiek amaitzen direnean, sarean bakarrik erosi ahal izango dira sarrerak, 15 euroan.
Bitartean, girotzen joateko, aurtengo jaialdiaren kartela eta iazko jaialdiko errepaso bideoa ere zabaldu dute: