Minbiziaren aurkako taldeak hazi egin nahi du
Minbiziaren aurkako hamabostaldia bihar hasiko da, Beasainen. Kanpaina honekin Minbiziaren aurka Gipuzkoa elkarteak pertsona gehiagorengana iritsi nahi du, "gure arreta berritu eta zerbitzu gehiago eskaintzeko"
Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteko Urola Garaia-Goierriko Batzarrak minbiziaren aurkako hamabostaldia antolatu du. Bihar ekingo diote.
Beasaingo udaletxeko batzar aretoan Borondate Arurreratuaren inguruan arituko dira, 18:00etatik aurrera. Borondate Aurreratuarena pertsona batek bizitzaren amaieran jaso edo baztertu nahi dituen tratamenduak eta zainketak planifikatzeko duen eskubidea da. Jose Ramon Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Ikuskaritza medikuko Osasun-prestazioen kudeaketako arduraduna eta Enrique Aramallo izango dira hizlariak. Nahia nola izapidetu, zer inplikatzen duen, zer onura dituen… landuko dute.
Saioetan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da. Biharko saioan izena emateko galdetegi hau bete behar da. 943 72 00 57 telefonora deituta ere eman daitake izena.
90 onuradun
Urola Garaia-Goierriko Batzarrak 90 lagunei eskeini zien laguntza psikosoziala iaz. Halaber, 323 saio psikologiko eta 353 esku-hartze egin zituzten prebentzio ekintzetan. Elkarteak 1.365 bazkide ditu eskualdean eta 108 boluntario. Guztien ekarpen solidarioei esker psikologia eta gizarte arretako saioak doak dira paziente eta senideentzat.
Maiatzaren amaiera arteko ekitaldiekin elkarteak "pertsona gehiagorengana iritsi nahi du, gure arreta berritu eta zerbitzu gehiago eskaintzeko".