Naiara Peñagarikano gabiriarra Gipuzkoako bola txapeldun
Zerainen jokatu da larunbatean Gipuzkoako bola eta toka txapelketa. Ekainaren 4an Ereñotzun izango den Euskadiko bola txapelketarako txartela lortu du Peñagarikanok.
Larunbat goizean Gipuzkoako bola eta toka txapelketa jokatu da, Zerainen. Naiara Peñagarikano gabiriarrak Gipuzkoako bola txapela irabazi du. Bolatan emakumeetan, bigarren izan da Beatriz Unzue amasarra, eta hirugarren Aitziber Makatzaga zeraindarra. Gizonezkoen artean, Joxe Mari Etxebeste billabonarrak lortu du txapela, bigarren postua Jokin Izagirre segurarrarentzat izan da, eta hirugarrena Benito Loitegi urnietarrarentzat. Tokan, berriz, txapela Roberto Ostolaza zarauztarrak irabazi du, bigarren izan da Antonio Amondarain, eta hirugarren Prudentzio Olano.
Ekainaren 4an, Euskadiko bola txapelketa jokatuko da Ereñotzun (Gipuzkoa), Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako bolari onenen artean. Gipuzkoako txapelketan emakumeen artean lehenengo hiru sailkatuek lortu dute txartela Euskadiko txapelketarako, eta gizonezkoetan lehen 15 sailkatuek.