Agenda 2030eko udal audientzia egin dute herriko gazteekin
Garapen Jasangarriko Helburuaren inguruko lanketa egin dute Ordiziako Oianguren, Jakintza eta Urdanetako ikasleek. Ekarpenak egin eta hainbat konpromiso hartu dituzte.
Eskola Agenda 2030 egitasmoaren barruan, 15. Garapen Jasangarriko Helburuaren inguruko lanketa egin dute Ordiziako Oianguren, Jakintza eta Urdanetako ikasleek, hain zuzen ere, zelaiak, larreak eta landare-itsutasunaren bueltan aritu dira. Lanketa horren ondorioak, konpromisoak eta proposamenak Adur Ezenarro Ordiziako alkateari eta Maitane Alvarez alkateordeari helarazi dizkiote gaur udaletxeko areto nagusian egin duten audientzian.
Herriko gaztetxoek egindako lanketaren ondorioetako bat izan da belardietan jolasten asko gozatzen dutela eta bertan bizi diren animaliekin kezka erakutsi dute. Alderdi txarrak ere ikusteko aukera izan dute lanketa honi esker, besteak beste, belardi batzuetan jendeak zaborrak botatzen dituela.
Herriko belardien inguruko kezkak ere helarazi dituzte, hala nola, azken hamarkadetan desagertu diren belardi eta larreei erreferentzia eginez.
Konpromisoak ere hartu dituzte gazteek: «gutxiago kutsatuko dugu eta zaborra ez dugu lurrera botako». Zuhaitzen landaketetan parte hartzeko prestutasuna adierazteaz gain, babesguneak eraiki eta zaintzeko asmoa erakutsi dute.
Ekarpenak kontutan hartzeko konpromisoa
Udalak esker onez hartu ditu ikasleen ekarpenak. «Guretzako oso garrantzitsua da zuen ikuspegia. Udalak konpromiso irmoa du jasangarritasunarekin eta gure udalerriarekin, horregatik lanean jarraituko dugu. Besteak beste, hondakinei bigarren bizitza bat emateko kanpainak jarraituko dute eta baita zuhaitz landaketek ere. Zuoi ere eskatzen dizuegu zaborrak dagokion gunera botatzea, guztion artean herri garbiagoa egin dezagun», erantzun du Adur Ezenarro alkateak.