Antsoategi 'herrikoak' 25. urtemuga ospatuko du
Pandemiak eragindako atzerapena tarteko, aurten egingo dituzte urtemugako ospakizunak. Gaur Lander Garro idazlea dator.
Orain dela bi urte bete zuen mende laurdena Lazkako Antsoategi elkarteak, herriko taberna kudeatzen duenak. Pandemiak orain arte eragotzita ospatu ezinik egon ondoren, aste honetarako prestatu dute egitaraua.
Gaur izango da lehenengo ekitaldia. Antsoategi, aurrera begira kafe-solasaldia antolatu dute, kultur etxean, 18:30ean. Orainaren eta geroaren hausnarketak biltzea da helburua.
Bihar, asteazkena, Lander Garro errenteriarrak zuzendutako Tipularen sehaska kanta filma emango dute, Arerian, 18:30ean. Gaixorik dauden presoen errealitatea eta ondorioak azaltzeko dokumentala da.
Ostegunean, asteroko pintxo-potea egingo dute, 18:30etik aurrera, eta astebukaerako bi egunetarako ere festa kutsuko ekitaldiak jarri dituzte.
Ostiralean, 18:00etatik aurrera, asto diana kalejira egingo dute. Antsoategi da, Astotxo Egunean, enkarterri astoen lehiaketa antolatzen duena, eta orduan egiten dute asto diana. Arratsean, talogileak ariko dira, eta sagardo dastaketa ere egingo dute, trikitilariek alaituta. Elkarretaratzea ere egingo dute.
Larunbaterako, azkenik, omenaldia egingo dute 13:00etan, 14:30ean bazkaria, gero Aitor Furundarena soinu jotzailea, eta 19:00etan kontzertuak: Neona eta Hell Ridesrs taldeak.