Ate irekiak, bihar, Museoen Nazioarteko Egunean
Museoen Nazioarteko Eguna izango da bihar. Horren harira, doako sarrera eskainiko dute Igartubeiti Baserri Museoak, Zumalakarregi Museoak eta Zeraingo Museo Etnografikoak.
Museoen Nazioarteko Eguna izango da bihar, maiatzak 18, Museoen Nazioarteko Kontseiluak antolatuta. Goierriko hainbat museotan ere ospatuko dute eguna, ‘Museoak eragile’ lelopean. Igartubeiti Baserri Museoan, Zumalakarregi Museoan eta Zeraingo Museo Etnografikoan ate irekien jardunaldia egingo dute. Doako sarrera eskainiko dute egun osoan. Zumalakarregi Museoa 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita. Atarian panel interaktiboak jarriko dituzte XIX. pertsonaia historikoekin elkar eragiteko. ‘Elkar ezagutuz!’ saio berezia ere prestatu dute. Tertulia kafe/te irekia eta informala izango da, kultura, jatorri eta adin ezberdinetako pertsonen esperientziak elkarbanatzeko. Tertulian parte hartu nahi duenak aurrez izena eman behar du museora deituta edo idatzita.
Igartubeiti Baserri Museoan ordutegi berean irekiko dituzte ateak. Astebururako, gainera, bi tailer antolatu dituzte ehungintza eta jasangarritasuna lantzeko. Larunbatean, ‘Oihala ehuntzea, hori bai li(h)oa!’ familientzako tailerra izango da, ehungintza lanbidea, lihoaren landarea ehun bihurtzeko prozesua eta oihal baten oinarrizko egitura ezagutzeko. Ez da gelditzen tokirik parte hartzeko. Igandean, aldiz ehungintza eta jasangarritasuna gaiei helduz, publiko helduari zuzendutako ‘Upcycling: Bizitza berri bat eman zure arropari’ izeneko tailerra eskainiko dute 11:30etik aurrera, Leire Santillan moda diseinatzailearen eskutik. Parte hartzaileek etxetik eramandako arropa konpontzeko, apaintzeko edo transformatzeko aukera izango dute. Aurrez izena eman behar da igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 72 29 78/72 51 07 telefono zenbakietan.