Hasi da errimen festa
Herrimatuz Goierriko taldekako bertso-txapelketaren lehen saioa jokatu dute asteburuan, Legorretan. Ostiralean, Seguran ariko dira.
Goierriko Bertsozale Elkartea sortu zeneko 40. urtemuga ospatuko dute aurten, 40 urtez herria bertsoz josten lemapean. Ospakizun ekitaldien barruan, Herrimatuz Goierriko taldekako bertso-txapelketa antolatu dute. Hiruna laguneko bederatzi taldek eman dute izena, eta hiru kanporaketa saio jokatuko dituzte, lehen fasean.
Hiru saio horietan lehena, Legorretan egin zuten, joan den ostiralean eta German Urteagak, Lander Arizmendik eta Odei Lopezek osatutako Yeaah taldeak irabazi zuen. Hurrengo saioa Seguran izango da, ostiral honetan, eta hirugarren kanporaketa, hilaren 27an, Ordizian. Finala, berriz, Beasainen jokatuko dute, ekainaren 10ean.