«Izugarri sufritu nuen beroagatik»
Euskadiko Ultra Txapelketa jokatu zen larunbatean, Domusa Teknik 40 ML lasterketaren barruan. Bero handia egin zuen, eta horrek baldintzatu zuen mendi korrikalarien jarduna. Aritz Egeak eta Oihane Azkorbebeitiak nagusitasunez irabazi zuten.
Urtea biribil doa Aritz Egearentzat (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Parte hartu duen hiru lasterketetan podiumean izan da, horietako bitan gorenean; besteak beste, orain bi aste jokatutako Atletismoko Federazioaren Espainiako Ultra Txapelketan. Gogotsu dabil, eta ultra distantziari neurria hartuz doa.
Eguraldiak ez zuen asko lagundu larunbatean. Bero handia egin zuen. Asko sufritu al zenuen?
Lasterketa erdira arte oso gustura joan nintzen, batere sufritu gabe, baina azken zatian izugarri sufritu nuen beroagatik. Mandubiara arte [33. kilometroa], oso azkar joan nintzen, jendearekin hitz eginez ere bai, baina handik aurrera beroa asko areagotu zen, eta Loiolatik [55. kilometroa] Xoxoterainoko zatia [60. kilometroa] infernua izan zen niretzat. Zorabioekin ere ibili nintzen azken kilometroetan, eta, amaieran, karranpak izan nituen. Inoiz igo gabeak nituen giharrak ere igo zitzaizkidan! Nahiz eta asko edan nuen, horrelako eguraldiarekin oso zaila da dena kontrolpean izatea.
Lasterketa irabazteko faborito nagusia zinen.
Bai, nahiz eta errazagoa izaten den faborito izatea, gero erakustea baino. Aurten oso gustura nabil. Bikain sentitzen naiz, eta asko gozatzen ari naiz. Banekien zer lasterketa egin behar nuen, eta, nahiz eta amaieran asko sufritu, gustura nago egindako lanarekin.
Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.