Kalera, minbiziaren aurkako borroka zabaltzeko
Gaur hasiko da Goierriko minbiziaren aurkako hamabostaldia, Jose Ramon Aranbarru eta Enrique Aramalloren hitzaldiarekin. Beste hiru saio eta antzerki emanaldi bat ere antolatu dituzte.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteko Urola Garaia-Goierriko Batzarrak minbiziaren aurkako hamabostaldia antolatu du, Zumarragako Ospitalearen laguntzarekin. Mahai inguruak eta antzerkia izango dira. Gaur ekingo diote.
Beasaingo udaletxeko batzar aretoan Borondate Aurreratuaren inguruan arituko dira. Borondate Aurreratuarena pertsona batek bizitzaren amaieran jaso edo baztertu nahi dituen tratamenduak eta zainketak planifikatzeko duen eskubidea da. Jose Ramon Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Ikuskaritza medikuko Osasun-prestazioen kudeaketako arduraduna eta Enrique Aramallo izango dira hizlariak. Nahia nola izapidetu, zer inplikatzen duen, zer onura dituen… landuko dute.
90 onuradun
Saioetan parte hartzeko aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da. Albistearen online bertsioko galdetegia bete behar da edo 943 72 00 57 telefonora deitu.
Urola Garaia-Goierriko Batzarrak 90 lagunei eskaini zien laguntza psikosoziala iaz. Halaber, 323 saio psikologiko eta 353 esku-hartze egin zituzten prebentzio ekintzetan. Elkarteak 1.365 bazkide ditu eskualdean eta 108 boluntario. Guztien ekarpen solidarioei esker psikologia eta gizarte arretako saioak doakoak dira paziente eta senideentzat. Maiatzaren amaiera arteko ekitaldiekin elkarteak «pertsona gehiagorengana iritsi nahi du, gure arreta berritu eta zerbitzu gehiago eskaintzeko».
Egitaraua
Emanaldiak 18:00etan izango dira eta antzerkia, 20:00etan.
· GAUR, ASTEARTEA. Zer da aurretiazko borondateen agiria?. Beasainen, udaletxean, Jose Ramon Aranbarri eta Enrique Aramallorekin.
· ETZI, ASTEAZKENA. Larruazalaren zaintza estetikoa tratamendu onkologikoan. Ordizian, Barrenan, Arantxa Telleria eta Laura Salbiserekin.
· MAIATZAK 24. Eutanasia. Eskubide berri bat. Urretxun, Labeagan, Iñaki Olaizola eta Iñaki Alegriarekin.
· MAIATZAK 26. Hitz egin dezagun… minbiziaren ondorengo bizitza. Zumarragan, Zelai Ariztin, Minbiziaren Aurka Gipuzkoaneko langileekin.
· MAIATZAK 27. Dinero muy negro antzerkia. Zumarragan, Zelai Ariztin, La Salleko Arco Iris taldekoekin.