'Berritu zure osasuna' zikloan sukaldaritza tailerrak egingo dituzte
Katxalin elkateak eta Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzak elkarlanean doako bi tailer antolatu dituzte. Harvard platera oinarri hartuta, garaiko produktuekin errezetak egingo dituzte
Elikadura eta ongizatea eskutik, Berritu zure osasuna zikloa antolatu dute Katxalin elkarteak eta Osoa Sukaldaritza & Ikaskuntzak elkarlanean. Horren baitan, sukaldaritza orekatua oinarri duten bi tailer egingo dituzte. Osoa Cooking-eko Anne Otegik emango ditu tailerrak eta parte hartzeko gonbita luzatuz, honela azaldu du: «Sukaldaritza birsortzailea egunerokoan nola aplikatu ezagutuko dugu, inflamazio prozesuei arreta jarriko diegu, koipe osasungarriak eta landare-proteinak ezagutuko ditugu eta hesteetako mikrobiotari merezi duen garrantzia emango diogu».
Izan ere, «minbizia edo beste edozein gaixotasun pasatu duen edo pasatzen ari den pertsonarentzat, inoiz baino garrantzia gehiago dauka norberaren zaintzak eta hor sartzen da elikadura ere. Elikagaiek, indarberritzen dute eta gorputza sendo egotea garrantzitsua da gaixotasunaren aurrean».
Horrelako prozesuetan, elikadura orekatua gomendatu ohi da. Anne Otegik berak azaldu duen moduan, «denetik jaten dugula uste badugu ere, hori ez da guztiz erreala», beraz, alternatibak eman, eta gaur egun, merkatuak berak eskaintzen dituen lehengaiak baliatuz, benetako elikadura orekatu bat izateko aholkuak emango ditu.
Harvard platera oinarri
Elikagaien piramidea baino, Harvard platera izango du kontutan Anne Otegik. Harvard platera otordu orekatuak sortzeko mekanismo erraz bat da. Oso erabilia da nutrizio-heziketan, eta bisualki laguntzen du otordu bakoitzean zer elikagai talde sartu behar diren ikusten. Plateraren erdia fruta eta barazki freskoz osatuta dago, plateraren laurden bat elikagai proteikoz eta beste laurdena zerealez. Hori kontutan izanik, saio bakoitzean lau errezeta egingo dituzte.
Eman izena
Tailerrak maiatzaren 23an eta 25ean izango dira, bi ordu inguruko iraupena dute (17: 00etatik 19:00etara), Zuhaizti gizarte zentroan emango dira eta doakoak dira, baina antolatzeko izena ematea komeni da. Horretarako eta informazio gehiagorako 943 24 56 08 telefono zenbakira deitu behar da.