Irimo eta Oletako zentral eolikoen aurkako sinadurak bilduko dituzte
Aurtengo Iñaki Beitiaren omenezko mendi martxa berezia izango da. Azken edizioa 2019an egin zen eta azken hiru urte hauetan gauza asko gertatu dira. Pandemia bat egon da eta Capital Energy enpresak Irimon eta Oletan haize-errotak jarri nahi dituela jakin da. Herritar batzuek Urretxu-Zumarraga bizi! taldea eratu dute eta haize-errota horien aurkako sinadura bilketa antolatu dute iganderako.
Irimoko bi dorreek 220 metroko altuera izango dutela eta Samiño-Oletako lau dorreek 200 metrokoa salatu dute. Urretxuko etxe-orratzak 47 metroko altuera du. Oinarriek 22,90 metroko diametroa eta 25,8koa izango dute, hurrenez hurren. 2024rako amaituta izatea aurreikusten dute.
Trantsizio ekologiko «ordenatu eta erreala» eskatu dute. «Kontziente gara ezinbestekoa dugun trantsizio ekologikoak energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa eskatzen duela. Baina ez da nahikoa teknologia bat bestearengatik ordezkatzea. Egungo kontsumo energetikoaren %20a bakarrik da elektrikoa. Elektrifikatzea beharrezkoa izango da, baina egungo bizi eredua ezin da mantendu erregai fosilik gabe. Berotze globala, klima aldaketa, biodibertsitatearen galera eta krisi energetikoa egungo antolaketa sozial eta ekonomikoaren ondorio dira eta honek aldaketa sakonik gabe dorre eolikoak jartzeak ez du ezertxo aldatuko».
Trantsizio energetikoa herritarren parte hartzearekin egin behar dela gehitu dute. «Trantsizioak planifikazioa eskatzen du eta gogoeta hori kolektiboki egin behar da. Egungo ereduak enpresa pribatu handiek gure natur baliabideak espoliatzea dakar, etekinak bertan gelditu beharrean. Naturarekin dugun harremanari buruzko eztabaida ezinbestekoa dugu, dependentzia energetikoaz gain, Euskal Herriak elikagai dependentzia baitu».
Bukatzeko, Urretxuk eta Zumarragak industrializazio «bortitza» jasan zutela eta Irimo eta Samiño bi herrietako bizilagunei gelditzen zaizkien naturgune bakarretakoak direla gogoratu dute.