Kooperatiba eratu, eta lanean hiru arlotan hastea erabaki du Biziolak
Larunbateko batzar eratzailean 85 bat lagunek parte hartu zuten, ekimenak orain arte erakarri dituen 310 bazkideetatik. Hiru lan-taldeak hornitu eta obrei ekingo die lehenik
Proiektua egikaritzera iritsi izanaren bozkarioz ospatu zuten, larunbat goizean Lazkaon, Biziola kooperatibaren lehen batzar nagusia, eratzailea ere izan dena. Jaiotzaren pozak blaitu zituen asanbladaren egitura eta aginte-organoak eratzeko formalismoak, orain arte egindako bide emankorra oroituta.
Giharretsu ekin baitio bideari Biziolak. Bi hilabetean Goierriko herri guztietan egindako aurkezpenetan aldaba jota, 310 bazkide hasiera marrarako batzea lortu du. Bazkidetza kanpainak aurrera segituko du, ordea. Udazkenerako, 500 bazkideren helburura iristea da nahia, sustengu-masaren eta zenbakien kalkuluetan eroso ibiltzeko.
Batzarrean 85 bat bazkide elkartu ziren. Orain arte bildutako babesen berri eman dute: Goierriko hamar udalek eta 15 elkarte nahiz ekonomia sozial eraldatzailean diharduten kooperatibak bazkidetzeko konpromisoa agindu dute, 300dik gora herritarrez gain. «Horren inguruan, balantzea oso positiboa da».
Antolaketa eta zereginak
Bazkide gehiago erakartzeko lanaz gain, beste bi zeregin ezarri dizkio bere buruari Biziolak, berehala heltzekoak. Sortu dituzten hiru lan-taldeak bazkideen multzotik hornitzea, eta Biziola fabrikaren espazioa eraberritzeko obrak martxan jartzea. Auzolanerako deia ere egingo dute.
Antolaketa ere zehaztu dute, hiru geruzatako erabakiguneak eta organoak finkatuta: batzar nagusia, Errektore Kontseilua eta Zaintza Batzordea. Ia aho batez, %98ko babesarekin onartu dituzte eraketa eta konposizioa.
Batzar orokorra bazkide guztien erabakigunea izango da, urtean bi asanblada eginda. Hura da kooperatibaren organo gorena, epe ertain-luzeko erabakien lemazaina eta sakontasuneko erabakiak hartuko diren foroa.
Egunerokorako, Errektore Kontseiluko hamar lagun izendatu dituzte, eta Nerea Elias aukeratu dute lehendakari. Eskualdeko bost kooperatibatako ordezkari banak izango dute partaidetza. Hiru lan-taldeak ere kontseiluaren menpe egongo dira: komunikazioa, fabrikaren eraberritzearena (obrak) eta Bizigaia elikadura proiektuarena.
Bukaeran, topa eginez ospatu dute Biziolaren sorrera formala. Bultzatuko duen filosofiarekin bat etorrita, bertako xanpaina edanez, topa egin ere: Oiharteko sagardo apardunarekin.













