Rubik kuboa osatzen azkarrenak, Legazpin
Jon Alberdi gazteak antolatuta, Rubik kuboaren inguruko topaketa egin dute asteburuan Legazpin.
Urbeltz pilotalekuko goiko aretoak Rubik kuboaren inguruko topaketa bat hartu zuen larunbat arratsaldean. Legazpiko Jon Alberdi gazteak gonbidatuta, punta-puntako lau jokalari eta dozenaka zaletu elkartu ziren bertan. Bigarren txapelketa herrikoia ere egin zuten.
Topaketan parte hartu zuten Julio Perugorria, Julen Simon, Eder Olivencia eta Ibai Tobar oso ezagunak dira Rubik kuboaren alorrean. Perugorriak skewb kuboan estatu mailako errekorra izan du; Simon bigarren postuan dago estatuko rankingean 2×2 kuboan; Olivenciak Espainiako hainbat errekor ditu 4×4, 5×5 eta megamix modalitateetan; eta 18 urteko Tobarrek podium ugari ditu.
Lauen artean solasaldia eta erakustaldia egin zuten, eta gero Simonek eta Olivenciak buruz buruko norgehiagoka egin zuten. Simonek 6 segundu eta 65 ehunenetan osatu zuen kuboa behin, baina batez besteko onena Olivenciarena izan zen, 8′ 88”ko denborarekin.
Txapelketa herrikoia
Legazpiko bigarren Rubik kubo txapelketa ere jokatu zen topaketan zehar. Lau partaide izan ziren, eta Amaia Zabalzak irabazi zuen, 35’59″ko batez bestekoarekin. Lehen legazpiarra Aberdi bera izan zen, 44’78″ko batez bestekoarekin. Pawel Walczyk, iazko txapeldunak ere parte hartu zuen, eta bere denbora hobetu zuen, 1:25’67” eginez.