Txirrindulariekin hasi du Nekazarien Anaidiak 50. urteurrenaren ospakizuna
Telleriarteko elkarteak igandean egin zuen urteurreneko ekitaldi nagusia. Auzoko historia jasotzen duen argazki erakusketa du ikusgai. Txirrindularitzarekin lotura handia izan du elkarteak
Bazkideak, auzotarrak eta, batez ere, txirrindulari ohiak bilduta hasi ditu Telleriarte auzoan egoitza duen Nekazarien Anaidia elkarteak bere 50. urteurrenaren ospakizunak. Igande eguerdian egin zuten ekitaldi nagusia, luntx baten inguruan eta giro ederrean.
Sebastian Santesteban bazkidea gidari zela, elkartearen sorrera gogoratu zuten ekitaldian, eta auzoko azken 100 urteetako historia errepasatzen duen argazki erakusketa inauguratu zuten. Ekainaren amaierara arte egongo da irekita erakusketa, 250-bat irudiz osatuta.
Telleriarteko ziklo-krosa
Irudi horietan toki nabarmena dute txirrindularitzari lotutakoak. Izan ere, auzotarren eta herriko baserritarren topagune izateaz gain, Nekazarien Anaidiak lotura oso estua izan du beti kirol horrekin. Elkartea sortu berritan, auzoa txirrindularitzaren munduan ezagun egin zuten makina bat ziklo-kros proba antolatu zituen, eta Telleriarte Txirrindulari Elkartea bertan sortu ondoren, haren lehen egoitza ere izan zen.
Hori dela eta, igandeko ekitaldira txirrindulari ugari zeuden gonbitatuta. Besteak beste, Txomin Perurena, Miguel Mari Lasa, Jose Maria Basualdo, Jokin Mujika, Iñaki Maiora, Joxe Mari Yurrebaso, Jose Ramon Izagirre, Iñigo Igartua eta Xabier Aldanondo izan ziren.
Urteurrena ospatzeko aldizkari bat kaleratu dute, elkartearen historia bilduz, eta herri bazkaria ere egingo dute ekainean.
Auzoko bi tabernak ixtean, elkartzeko leku baten premia
Nekazarien Anaidia 1972an sortu zen, auzoko bi tabernak itxi ondoren. Estankoa eta Uztargilenea bata bestearen atzetik itxi ziren, eta auzotarrak elkartzeko tokirik gabe geratu ziren.
Auzotar haietako batzuek elkartea sortzea erabaki zuten orduan, herri osoko baserritarrei ere gonbidapena luzatuz. Lokala Agirrezabal familiari
alokatu zioten, auzoaren erdierdian, eta han abiatu zuen jarduna Nekazarien Anaidiak.Antonio Aztiria izen zen lehen lehendakaria, Luxiano Zabaleta lehendakari ordea eta Martzelino Guridi eta Andres Lizarazu bokalak. Lehenengo
biak herriko baserritarren ordezkariak ziren, beste biak auzotarrenak. Gutxira, Juan Aizpurua, Joxe Iñurritegi, Fernando Martinikorena, Juan Joxe
Aranguren, Tomas Beloki, Jesus Mari Zubizarreta eta Esteban Lizarazu batu ziren zuzendaritza batzordera. Hurrengo urtean, dagoeneko 64 bazkide zituen elkarteak.