Abian da Lazkao Txiki bertsopaper lehiaketa 31.enez
Ordiziako Argi-Berri elkarteak martxan du 31. Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa. Lanak uztailaren lehenerako aurkeztu behar dira.
Lazkao Txikiren omenezko 31. bertsopaper lehiaketa abiatu du Ordiziako Argi-Berri elkarteak, Ordiziako Udalaren laguntzarekin. Lehiaketaren hastapenetan, ez zuten uste 31 urte beranduago lehiaketak martxan jarraituko zuenik, ezta jakin ere, bertsolaritzak nolako osasuna izango zuen. Sariketaren sorreratik 31 urtera esan daiteke, bertsopaperen lehiaketen artean tradizio handiena duena dela, eta bertsolaritza osasuntsu dagoela.
Bertsopaper lehiaketarekin antolakuntzaren helburua da, bertsolaritza sustatzea eta zaintzea, Joxe Miel Iztueta Lazkao Txikiren izpiritua, euskal izpiritua eta bertsolari izpiritua belaunaldi berrietan txertatzea, eta zaletasuna duten haiena indartsu mantentzea.
Hiru kategoria
Lehiaketa hiru mailatan banatzen da. Gaztetxoen mailan, 13 urte artekoentzat (2022an 14 betetzen ez dituztenentzat), neurria eta doinua libreak izango dira, ez ordea gaia; Zer moduz musukorik gabe? izango da. Maila honetan, nahi adina bertsopaper bidal ditzakete partaideek, baina kontutan izan beharko dute, bertsopaper bakoitzeko gutxienez bi eta gehienez lau bertso izan beharko dituela.
Gazteen mailan, 14 eta 18 urte artekoek parte hartuko dute eta hirugarren kategoria helduen maila da, 2003an edo aurretik jaiotakoentzat. Bi kategoria horietan, gaia, neurria eta doinua libreak izango dira. Hauek ere nahi beste bertsopaper aurkeztu ahalko dituzte, baina bakoitzeko, gutxienez zortzi eta gehienez hamabi bertso izango dira.
Bertsoen bidalketa eta epea
Lanak bidaltzeko bi aukera daude: postaz (Argi-Berri elkartea – Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa, Gipuzkoa kalea 15 behea, 20230 Ordizia), edo Internetez bidez eposta mezua bidalita (aitor-c@aek.eus).
Posta arruntaren bidez, gutunazal batean originala eta lau kopia bidali behar dira, izenordez sinatuta, doinua izenburuaren ondoan zehaztuta, eta beste gutunazal batean, izenordearekin batera, izena, adina, telefonoa, helbidea eta NAN-aren kopia bidali beharko dira.
Epostaz bidaltzen dutenek, mezu berean alde batetik bertsoak eta bestetik egilearen datuak bidaliko dira.
Lanak aurkezteko azken eguna, uztailaren 1a izango da. Sari banaketa berriz, irailaren 11n.