Eguneko arreta zentro berria irekitzear dira Legorretan
Ate irekien eguna egin dute, azpiegiturak eta zerbitzuaren inguruko xehetasunak ezagutzeko. Interesa dutenek Legorreko Udaleko gizarte zerbitzuetara jo beharko dute.
Zerbitzu berri bat jarriko dute martxan Legorretan; Eguneko Arreta Zerbitzua. Kale nagusia 8 zenbakiko eraikin berrian dago, herriaren erdi-erdian. Lehen solairuan dago, plazara ikuspegi ederra du. Azpiegiturei dagokienez, otorduak eta tailerrak egiteko gela bat, atsedenerako beste bat, eta bi komun egokituak ditu. Balkoi txiki bat du plaza aldera eta terraza handi bat atzeko aldera.
Legorretako alkate Zelai Amenabarro «oso pozik» agertu da, «laguntza eta prebentzio izaera» duen zerbitzu hau martxan jartzeagatik. Helburua da, «Legorretako herritarrak beren autonomiari eustea, ohiko bizimoduarekin herrian bertan jarraitu ahal izatea eta herritarren artean harremanak sendotzea».
Proiektu honen hazia iazko udazkenean jarri zutela kontatu du Ezenarrok, «Legorreta 2030 plan estrategikoa garatu» zuten garaian. Herritarrekin egindako saioetan, «zaintzak izan zuen toki zentral bat». Herrian nolako zaintza eredua behar zen gogoeta egin eta ikusi zuten eguneko arreta zentroa osatzeko behar bat bazegoela. Proiektua martxan jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza izan dute.
Legorretako Udaleko gizarte zerbitzuetako teknikari Itsaso Urretagoienaren hitzetan, «nahi duguna da herritarrak beren bizitokian, beren komunitatean mantentzea da, ahalik eta autonomia maila handienari eustea, gaitasun kognitiboak, funtzionalak eta sozialak sustatzea, eta segurtasun sentimendu bat izatea, orokorrean bizi kalitatea hobetzea». Familiei eta zaintzaileei, zaintza lanak arintzeko» baliatuko dute ere.
Malgutasuna
Eguneko zerbitzu hau, autonomia maila bat mantentzen duen jendearentzat baina zailtasunen bat ere izan dezaketenentzat dago zuzenduta. Menpekotasun balorazioan lehenengo gradua dutenentzat edo menpekotasun balorazioa oraindik egin gabe baina zailtasunen bat izan dezaketenentzat ere. Ez du zertan adineko pertsona izan beharrik.
Astelehenetik ostiralera 11:30etik 17:30era egongo da zabalik. 11:30-13:30 tailerrak egingo dituzte, 13:30-15:30 bazkaltzeko eta atsedenerako tartea izango da, eta 15:30-17:30 ekintzak eta tailerrak egingo dituzte. Tailerrak mota desberdinetakoak izango dira: Memoria lantzeko eta osasun kognitiboa prebenitzeko; harremanak indartzeko; eguneko albisteen inguruko hausnarketa; aisialdia bultzatzeko; kultura ezagutzeko; eta osasun fisikoa sustatzeko, besteak beste.
Erabiltzaileari egokitutako egutegi edo ordutegia ezartzea posible da, izan ere, zerbitzua malgua izango da.
Zerbitzuak eskaintzen dituen aukera guztien kontsulta egiteko, gomendatzen da Legorretako Udaleko gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzea. Horretarako, deitu 943 085 290 telefono zenbakira edo idatzi mezu bat gizarte@legorreta.eus epostara.