Goizean goizetik feria giro bikaina
Hasi da hemengo marrubia. Erremolatxa eta patata ere bai, denak aire librekoak. Lore eta landare postuetan jende asko. Zizak erostera goiz mugitu da jendea.
Udaberriko seinale garbia dakarte hemendik aurrera izango ditugun barazkiek eta frutek. Horietako bat marrubia. Poliki-poliki atzera gelditu dira negukoak. Frutei dagokionez oraindik sagar asko eta limoiak ere badaude, baita lehortuta ederki mantentzen diren hur eta intxaurrak ere. Atzo lehenengo marrubiak ekarri zituen Arantxa Zurutuza aramarrak. Gezurra badirudi ere oraintxe da hemengo marrubi garaia. Hauek aire librekoak dira. Fruta saltokietan Maroko edota penintsulako toki beroenetatik eta negutegietakoak Gabonak aurretik hasten dira. Hemengoak iristen direnerako jendeak nahikoa jan du. Inguruko produkzioa txikia da.
Gustuz parekorik ez dute. Neurri naturalagoak dira «sagarrak adinekoak egitea lortu dute behe alde horretan, gustu handirik gabekoak badira ere», aipatzen zuen bezero batek. Ohiturak aldatu egin dira. Halere norberaren esku gelditzen da zein, nongoa, noiz, eta nola ekoiztua jan. Atzokoak 8 euroan kiloa mahai gainera atera orduko saldu zituen Zurutuzak.
Erremolatxa, patata berria
Erremolatxa berria ere ekarri zuen Aramako Zurutuzak 2,5€/sorta salgai. Hau ere oso barazki eskertua da. Gure baratzetan ondo etortzen da eta ia urte guztian izan daiteke. Azkenak garatzen hasi orduko berriak aste gutxiren buruan jateko prest izaten dira.
Azken urteetan oso ohikoa eta estimatua bihurtu bada ere, duela hiruzpalau hamarkada ez zen hemengotzat eta gustukotzat jotzen den erraboila.
Patata berria Arantxa Lopetegik ekarri du. Aire librekoa 2€/kiloa. Lehenago agertzea ere gertatu izan da baina aurten berandu botatako izotzak ia sortuak ziren landareak hondatu zituen baratza batzuetan eta hortik atzerapena.
Landare eta lore salmenta momentu gorena hau da. Aukera handia dago mota behar eta gustuen arabera. Ilarak momentuka. Lore moztuei dagokionez peoniak 5€/sorta salgai.
Ziza bila goiz bezeroak
Udaberriko ziza erostera goiz mugitu da jendea. 240 kilo inguratu zituzten atzo 10-44 euroan kiloa. Onddoei dagokionez Zamora aldean kolpea izan dela eta 135 kilo baziren 14-25 euroan kiloa, zizahori gutxi batzuk ere bai 29 euroan kiloa. Eta aspaldiko partez boilur edo trufa 19-20 euroan bakoitza.