Hemezortzigarren Kantaldia lehenengoaren simetrikoa izango da
Kantaldia egingo dute etzi, bi urteko etenaren ondoren. Lehen edizioko abestiak berreskuratu dituzte, hasierari keinu eginez. Herriko zortzi eragile igoko dira kantura
Loinatz Musika eskolaren Kantaldia etzi izango da, 19:30ean, Gernika pasealekuko pilotalekuan, pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean. Ohiko formatua izango du: herriko eragile ezberdinak oholtzara igoko dira, musika eskolako irakasleen laguntzarekin kantatzera. Akordeoia, gitarra, teklatua, txistua, flauta, biolina eta bateria joko dituzte. Herritarrek ere izango dute kantatzeko aukera. Liburuxkak banatuko dituzte eta pantaila bat jarriko dute abestien letrekin.
Lehen edizioko hamasei abestiak berreskuratu dituzte. Izan ere, bigarren lehen aldi honetan, 2003ko edizioari keinu egin nahi izan diote. Klasiko handiak izango dira guztiak: Iparragirre, Laboa, Lete, Imanol, Oskorri, Itoiz, Maixa eta Ixiar, Mikel Markez…
25. urteurrena
Kantaldia Loinatz Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko hasi ziren antolatzen. «Hasiera hartan, emanaldiaren harrera zein izango zen ere ez genekien. Gure pozerako, benetan arrakastatsua izan zen. Horrek animatu gintuen jarraitzera, urtero-urtero», oroitu dute.
Abesteko ohitura «indartu» nahi zuten. Zer hoberik herritarren parte hartzea, euskal abestiak eta adin ezberdinetako herritarren kidetzea sustatzen dituen ekitaldi batekin baino. Herritarren eta elkarteen parte hartzea «benetan ezinbestekoa» dela azpimarratu dute. Esker oneko hitzak izan dituzte, era batera edo bestera, Kantaldian parte hartu duten guztientzat
Amaitutakoan pintxo-potea egingo dute. Beasaindar guztiak gonbidatu dituzte.