«Lehiatzeari utziko diot, baina bizikletan ibiltzen jarraituko dut»
Nagore Txintxurreta (Urretxu, 2004) Goierriren emakumezko txirrindulari taldeko herritar bakarra da. Denboraldi honen amaieran lehiatzeari utziko dio, ikasketengatik.
Nolatan bizikleta zaletasuna?
Gurasoak kirolariak izan dira beti eta familiarekin bizikletan ibiltzea joaten nintzen. Anaia lehiatzen hasi zen eta nik ere lehiatu nahi nuela esan nuen. Anaia eta biok bikiak gara. Berak aurten utzi dio lehiatzeari.
Noiz hasi zinen lehiatzen?
Anaia baino urtebete beranduago. Duela zazpi urte.
Neska asko al zineten?
Nire inguruan, nire mailan, bi bakarrik ginen. Hirugarrena zaharragoa zen. Beasain aldean gehiago zeuden. Beti Goierri taldearekin aritu naiz eta hasieran taldeko neska bakarra nintzen. Ondoren, gazteago bat hasi zen. Ez geundenez maila berean, ez genuen elkarrekin lehiatzen.
Neska gutxi zineten arren, ez zenuen amore eman.
Bizikletan ibiltzea asko gustatzen zait eta, gainera, lagun asko egin ditut. Oso ondo moldatzen naiz beraiekin. Askotan beraiekin ateratzen naiz entrenatzera. Oso giro ona dugu.
Nolako txirrindularia zara?
Aldapetan ez naiz oso moldatzen. Ordekan eta aldapa behera hobeto moldatzen naiz.
Goierrik nesken taldea sortu du aurten. Lehenengoz, neskaz inguratuta zaude.
Oso pozgarria izan da.
Ze mailatan zaude?
Gazte mailako bigarren denboraldia dut. Taldean kadete mailako neska bat (aurten ez da lehiatzen ari), gazte mailako lehen urteko neska batzuk eta 23 urte azpikoak ere badaude.
Lasterketa asko al dituzue?
Bai. Azken bi asteburuetan ez dugu lasterketarik izan, baina lasterketa dezente dugu. Otsaila hasieran edo martxoa hasieran hasten gara eta abuztura arte ia astebururo lasterketaren bat dugu. Primeran pasatzen dugu, taldean giro ona dugu eta maila txukuna ematen ari gara.
Euskal Herritik kanpo ere aritzen al zarete?
Bai. Espainiako Kopan parte hartzen dugu. Nojan egon ginen, ekainean Valladolidera joango gara… Valentziara eta Pontevedrara ez gara joango, urruti baitaude. Horretaz gain, Euskaldun txapelketako probetan parte hartzen dugu.
Ondo moldatzen al zara entrenatzeko?
Batxilergoko bigarren maila egiten ari naiz eta azterketak ditudan asteetan gutxiago entrenatzen dut. Izan ere, ez da erraza ikasketak eta bizikleta uztartzea. Bizikletan ondo ibiltzeko asko entrenatu behar da.
Zer ikasi nahi duzu?
Medikuntza ikasi nahi dut. Lehiatzeari utziko diodala uste dut, kanpora joan beharra izango baitut. Baina bizikletan ibiltzen jarraituko dut.
Itzulia ikusi al duzu?
Ikustera joateko asmoa nuen, baina astelehenean azterketa nuen eta etxean gelditzea erabaki nuen. Telebistan ikusi nuen. Ikasketei lehentasuna eman diet, Medikuntza karrera gogorra da eta ezinezko ikusten dut egunen batean Itzulian parte hartzea.